"Greba feministara batzeko arrazoi ugari ditugu"
Hiriko beste milaka emakumeren gisan, kaleak hartuko dituzte martxoaren 8an, June Ruiz de Gauna ikasleak (Egia, 2000), Lourdes Pulido pentsiodunak (Loiola, 1958) eta Oneyda Saenz etxeko langileak (Nicaragua, 1984). Bakoitzak, bere esparrutik eraginez hartu du parte greba feministaren prestaketan.
Zortzi urte dira Saenz Euskal Herrira bizitzera etorri zenetik, eta Kazetaritzan lizentziaduna den arren, ez du bere esparruan lana egiteko aukerarik izan oraindik. Hemen bizi denetik etxeko langile gisa lana egin duela azaldu du, ez duelako beste aukerarik izan. Pulido pentsioduna da duela bi urtetik, baina ibilbide luzea egin du soldatapeko zaintza lanen esparruan, hain zuzen, adineko pertsonen erresidentzia batean erizaintzako laguntzailea izan da urtetan. Azkenik, June Ruiz de Gauna Gizarte Hezkuntzako gradua ikasten ari da unibertsitatean, eta bitartean, eskola kiroleko jarduerak gidatzen ditu.
IRUTXULOKO HITZAk sakonean hitz egin du haiekin, Euskal Herriko mugimendu feministak greba feministarako landutako ildoen nondik norakoak jorratzeko. Erreportaje osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.