Juanmi Gutierrezen omenezko emanaldi bat egingo dute
Joan den hilabetean hil zen Juanmi Gutierrez zinemagilea. Omenaldi moduan, Euskadiko Filmategiak, Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak emanaldi berezi bat egingo dute: zinemagilearen familiak hautatutako film batzuk proiektatuko dituzte martxoaren 12an, 19:00etan, Tabakalerako 1 zinema aretoan. Super-8-an filmatutako ‘Itxoiten’ (1982) film laburra ikusi ahal izango du publikoak. Denboraren joana irudikatu zuen Gutierrezek. Emakume batek, haurra denetik adinekoa izan arte dituen desioen eta beharren bilakaera aztertu zuen lan honetan. Ondoren, ‘Angor’ (2007) dokumentala proiektatuko dute. Zinema zuzendaria munduko hilerriei buruzko film bat prestatzen ari zen momentu horretan, eta lan honek prozesua kontatzen du.
Emanaldirako sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.