Elkarretaratze jendetsua egin dute Bulebarrean
Ehunka feminista bildu dira Donostiako Bulebarrean mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean, feminismoa aldarrikatzeko.
Ehunka emakume bildu dira gaur eguerdian Donostiako Bulebarrean, mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean, eta gizarte alor desberdinetako hizlariak izan dira han.
Aurkezpenaren ondoren, pentsiodun batek hartu du hitza, eta emakume pentsiodunek jasaten duten zapalkuntza bikoitza salatu du, guztiontzako “pentsio duinak” eskatzearekin batera. Pentsiodunaren ondoren, hainbat izan dira hitza hartu duten emakumeak: Hondarribiko alardeko Jaizkibel konpainiako kide batek; desgaitasuna duen emakume batek, zeinek, desgaitasun bat izateagatik eta emakumea izateagatik jasaten duen zapalkuntza salatu duen; erresidentzia batean lan egiten duen emakume batek –lan baldintzak hobetzeko borrokatzen ari dira–; SOS Racismo erakundeko etxeko langile migratzaileek, arrazismoa salatuz; eta irailaren 19tik greba egiten ari diren Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileen kolektiboko emakume batek, hain justu.
Denek hitz egin ostean, isiltasun minutu bat egin dute kiosko inguruan bildutako guztiek, 2018an indarkeria matxista dela eta erailduak izan ziren emakumeen omenez.