Euskarazko mahai jokoaldia egingo dute larunbatean
Korrika Kulturalaren barruan, haur eta helduentzako euskarazko mahai jokoaldia egingo dute larunbatean, Groseko Irrintzi AEK euskaltegian. Mahai jokoetara euskaraz jolastera ohitzea da egitasmoaren helburua.
Larunbatean, martxoaren 9an, egingo dute euskarazko mahai jokoaldia Euskara ahoan joko ta ke! lelopean, Groseko Irrintzi AEK euskaltegian. 10:00etan hasiko da, eta eguerdirarte iraungo du, eta, ondoren, 16:30etatik iluntze alderarte. 21. Korrika Kulturalaren jarduera bat da, eta hiritarrak beraien mahai jokoak eramatera animatu dituzte, euskaraz jolastera ohitzeko eta egunerokotasunean euskaraz egiteko.
Xabier Vazquez AEK euskaltegiko arduradunak azaldu duenez, euskara horrenbeste erabiltzen ez den arloetara zabaltzeko beharra ikusi zutelako sortu zuten egitasmoa: “mahai jokoetan aritzen den jendeak komentatu izan digu ez duela aurkitzen norekin aritu euskaraz. Horregatik, Donostian euskara arlo horretara ere zabaltzeko beharra ikusi genuen, eta jarduera hau egiteko ideia izan genuen”. Korrikaren leloari jarraituz, jendeak esparru guztietan “klika” egitea dutela helburu adierazi du Vazquezek, baita mahai jolasetan ere. Gainera, horrela “euskaldunen sarea” sortu daitekeela uste du Vazquezek, mahai jokoetara jolastea gustatzen zaienak euskaraz jolasteko elkartu daitezen.
Mota guztietako mahai jokoak egongo dira jokoaldian: haurrentzakoak, familiarrak eta Scattergories jokoaren tankerako jai girokoak, besteak beste.
Joko horietaz gain, beste joko “serioagoetara” ere jolasteko asmoa dutela azaldu du Vazquezek, joko ekonomikoak, besteak beste. Eurogame moduko jokoak dira horiek, eta adituak beharko dituzte joko horiek aurrera eramateko. Zailtasunak izango dituztela aitortu du Vazquezek, jende asko ez baitago euskaraz jolastera ohituta: “Gaztelaniaz ez dauden jokoak ekarri ditugu batez ere, jendeak testua gaztelaniaz ikusterakoan automatikoki gaztelaniara ez pasatzeko. Hala ere, badakigu batzuek zailtasunak izango dituztela, baina hori da erronka”.
Bestalde, arratsaldean izango da egitasmoaren berritasun nagusia, Atopiarpg euskarazko rol jokoaren lehen demoa egingo baitute, bost jokalari heldurentzat.
Korrika Kulturalak Korrikaren aldarrikapen bera egiten duela azaldu du Vazquezek: “Korrikak beti defendatu du jendeak zerbait ematen digula eta guk bueltan beste zerbait ematen diogula, eta guk ildo beretik jotzen dugu”.
Apirilaren 4an hasiko da Korrika, eta 12an iritsiko da Donostiara. Horregatik, hasteko hilabete eskas gelditzen denean, Korrika denen ahotan egoteko, eta berotzen hasteko modu ezin hobea da mahai jokoaldi hau.