Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra
Hiriko beste milaka emakumek bezala, kaleak hartuko dituzte gaur, martxoaren 8an, June Ruiz de Gauna ikasleak (Egia, 2000), Lourdes Pulido pentsiodunak (Loiola, 1958) eta Oneyda Saenz etxeko langileak (Matagalpa, Nikaragua, 1984). Bakoitzak, bere esparrutik eraginez hartu du parte greba feministaren prestaketan.
Egunerokoa borroka eremu gisa aitortzea du helburu nagusietako bat greba feministak. Euskal Herriko hamaika txoko aldarrikapenez eta elkartasunez (baita beste lurralde asko ere) beteko dira gaur, martxoak 8, 24 orduz. Iazko mareari jarraituz, azken urteetako mobilizaziorik jendetsuena eta bateratuena bilakatu zen 2018ko greba feminista, eta aurten, xede bera bilatuko dute «emakumeek*, transek eta bollerek».
Greba feministak, greba egiteko modu klasikotik urrundu, eta orain arte gatazka eta borroka politikoetatik kanpo kokatu dituzten eremuak politizatzea bilatuko du. «Martxoaren 8an heteropatriarkatu-kolonial-kapitalistak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu», laburbildu du Euskal Herriko mugimendu feministak grebaren nondik norakoak azaltzeko sortu duen txostenean. Grebak mugimendu feministak berak barne hausnarketa bat egiteko balio izan du, eta erdigunera ekarri nahi izan dituzte orain arte bazterrean kokatuta zeuden subjektuak, hala nola, emakume migratzaileak, transak eta arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonak.
Gure hirian hilabeteak dira Donostiako Asanblada Feministak 2019ko greba feministaren prestaketekin hasteko lehen bilera egin zuela, eta ordutik, batzar ugari egin ditu mugimendu feministak. Aurten, iazko planteamenduaren balorazioa egin ostean, eta mobilizazioek izan zituzten ahulguneei tiraka, deialdi zabalagoak egin nahi izan dituzte, 2018ko greban parte hartu ez zuten horiengana iristeko asmoz. Era berean, indarra eta fokua deszentralizatzeko ahalegin berezia egin dute feministek, eta hirietako auzoetako taldeen antolakuntza indartu egin dute, baita horien arteko saretzea ere. Auzoetako greba batzorde eta talde feministek sakonean landu dute grebaren planteamendua, eta gaur, ekintzez eta jarduerez josita egongo dira hiriko gune guztiak.
Donostiako greba feministaren antolakuntzan buru-belarri ibili dira ere Oneyda Saenz, Lourdes Pulido eta June Ruiz de Gauna, bakoitzak bere esparrutik eragiteko. Zortzi urte dira Saenz Euskal Herrira bizitzera etorri zenetik, eta Kazetaritzan lizentziaduna den arren, ez du bere esparruan lan egiteko aukerarik izan oraindik. Hemen bizi denetik etxeko langile gisa lan egin duela azaldu du, ez duelako beste aukerarik izan. Bere sektoreko langileek bizi duten prekarietatearekin larrituta, SOS Arrazakeriari lotutako talde batean dabil, beste etxeko langile batzuekin batera, euren eskubideen alde borrokatzeko.
Pulido pentsioduna da duela bi urtetik, baina ibilbide luzea egin du soldatapeko zaintza lanen esparruan, hain zuzen, adineko pertsonen erresidentzia batean erizaintzako laguntzailea izan da urteetan. Pentsioduna astelehenero ateratzen da kalera pentsio duinen alde protestatzera, eta Oneka euskal emakume pentsiodunen taldeko eta Duintasuna elkarteko militantea da.
Sortu berri den Egiako Neska* Gazteen taldean dabil June Ruiz de Gauna, eta baita Ernai gazte antolakundean ere. Gainera, Gizarte Hezkuntza ikasketak egiten ari da unibertsitatean, eta eskola kiroleko begiralea izateaz gain, noizbehinka bere aitaren tabernan lan egiten duela azaldu du. Neska gazteek greba feministara batzeko «arrazoi ugari» dituztela argudiatu du.
Greba klasikoak ez die balio
Iaz bezala milaka emakumek egingo dute greba gaur, bakoitzak ahal duen moduan. Batzuek greba egingo dute lantoki eta ikasgeletan, eta beste batzuek hirian eta auzoetan antolatu diren mobilizazioetan parte hartuko dute. Askok zaintzeari uztea erabaki dute, eta hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegi dute. Gainera, kontsumo greba egiteko deialdia zabaldu dute, gaur egun dugun kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa zabaltzeko. Greba egunaz harago, langileen esplotazioaren ikur diren enpresei, euren publizitatean emakumeak objektutzat hartzen dituztenei, eta beste herrietako miseria eragiten duten multinazionalei «planto» egitera animatu dute gizartea.
Pulidok, Ruiz de Gaunak eta Saenzek, hiru belaunaldi eta hiru errealitate desberdin irudikatzen dituzte, baina, era berean, hirurek ezaugarri eta zapalkuntza ugari partekatzen dituzte. Hirurek egin dute bat greba feministarekin, baina mobilizatu ahal izateko hainbat zailtasun aipatu dituzte, greba feministak greba klasikoaren eskemak apurtzen dituelako, eta pertsonen biziraupenerako ezinbestekoak diren lanak geldiarazten dituelako, zaintza lanak, hain zuzen.
Lanaren inguruko hausnarketa ahalbidetu du greba feministak, lan produktiboen zentralitatea desbideratzeko asmoz. Etxeko lanak eta zaintza lanak ezinbestekoak dira gizarteari eta bizitzari eusteko, eta sistema kapitalistak beharrezkoak ditu kapitala produzitzeko. Euskal Herrian egunean dagoen zaintza eredua emakumeen, eta bereziki emakume migratzaileen esplotazioan oinarritzen da. Ezinbestekoak izan arren, zaintza lanek ez dute merezi duten aitortza soziala.
Aurtengo greban zaintzen gatazka jarri nahi izan dute erdigunean, eta aldarrikapen nagusietako bat da zaintzaren berrantolaketa soziala. «Pertsonen zaintza ez dadila zapalduon bizkarrean geratu», eskatu dute; eta «zaintza lan guztien aitortza» exijitu dute: etxekoak, zaintza lan ordainduak, ordaindu gabekoak eta sistema publikoak kudeatzen dituenak. Duela urte gutxi arte, bizitzaren erreprodukzioarekin eta zaintzarekin loturiko lan guztiak debalde jaso ditu sistema kapitalista-patriarkalak, etxeetan eta esplotazio egoeran egin baitira. Eustateko Etxeko Kontu Sateliteak 2018an plazaratutako datuen arabera, 21.342 milioi euroko plusbalioa atera zuen sistemak, Barne Produktu Gordinaren %32,4a, hain zuzen. Auzi horretan gizonen ardura gogorarazi du Saenzek: «Niretzat, borroka feministaren funtsetako bat da, gizonei kentzea orain arte izan dituzten erosotasunak eta pribilegioak; eta haiek hartzea euren gain hartu behar dituzten ardurak».
Sistemaren biziraupenerako nahitaezkoak diren lan horien ardura emakumeen gain erori izan dela gogoratu dute hiruek, eta Saenzek nabarmendu du, azken urteetan, migratzaileak direla gehienak: «Katearen azken katebegia gara; inork egin nahi ez dituen lanak egiten ditugu, eta gainera, esplotazio baldintzetan». Azaldu du bere kideetako askok ezin izan dutela grebarekin bat egin; izan ere, duela urte gutxi onartutako etxeko langileen hitzarmenak erabateko babesgabetasun egoeran uzten ditu. Ahal dutenek mobilizazioetan parte hartuko dute, eta falta direnak irudikatzeko kartoizko siluetak egin dituzte, hiriko hainbat puntutan kokatuko dituztenak.
Ruiz de Gaunak azpimarratu du greba egiteko zailtasun gutxiago izan dituela berak, baina gazteek gaur egun izaten dituzten lan baldintzek eta kontratuek oso egoera zaurgarrian uzten dituztela gaineratu du. «Lanik gabe gelditzeko arriskua etengabekoa da», aipatu du. Prekarietatearen feminizazioaren adibide dira Eustatek 2018an argitaratutako datu hauek: Hego Euskal Herrian lan kontratu partzialetan ari diren %76,3ak emakumeak dira; emakumeen %27,6ak ari da aldi baterako kontratuarekin lanean, eta kontraturik gabe lan egiten ari direnen artean, %73,8 dira emakumeak.
Egiakoak baieztatu du gizarteko eremu guztietan gertatzen den lan banaketa sexuala jarri nahi duela jomugan greba feministak. Gazteen kasuan oso nabarmena dela onartu du Ruiz de Gaunak: «Nire kuadrillan gehienok ditugu lan prekarioak. Neskek umeak zaintzeko eta klase partikularrak emateko joera dugu, eta mutilek kirol taldeak entrenatzen dituzte».
Soldatapeko zaintza lanetan ibili da bizi osoan Pulido, Berioko pertsona nagusien erresidentzia batean. Duela bi urte erretiroa hartu zuen arren, soldatapekoak ez diren zaintza lanen ardurak izaten jarraitzen duela azaldu du. «Nire ama minbiziak jota dago, eta ezingo dut egun osoan kalean egon, bere biziraupenerako ezinbestekoak diren zaintzak eman behar dizkiodalako. Hori bai, goizean arduratuko naiz horretaz, baina behingoagatik, arratsaldean nire senarra arduratuko da bere zaintzaz», argitu du Loiolakoak. Gaineratu du horretan datzala greba feministaren funtsa, eta zaintza lanen aitortza soziala lortzeko borrokaren garrantzia nabarmendu du: «Fabrika batean greba egin eta torlojuak egiten ez badituzte, ez da ezer gertatzen, baina nik nire lana egiten ez badut, pertsona horiek hil egin daitezke».
Bazterrekoak erdigunera
Iazko greba mugarri bat izan zen mugimendu feministarentzat eta borroka antikapitalistentzat. Hala ere, hainbat ahulezia identifikatu zituzten feministek, eta aurten, horiei heltzeko ahalegina egin dute. Benetako eraldaketa sozialerako, beharrezkoa izango da sistemaren zapalkuntzak gurutzatzen dituen pertsona guztiak borroka feministan barnebiltzea. Horregatik, aurten, enfasia jarri nahi izan dute grebaren subjektua nor izango den definitzen. Saenzek uste du denak borrokan barnebiltzeko saiakera nabarmena egiten ari dela mugimendua, baina oraindik hipokresia handia dagoela kritikatu du. Bere ustez, lan asko dago egiteko, baina orain arte isilik egon direnak ahotsa altxatzen hasi direla baieztatu du: «Mobilizazio sozialetan parte hartzeko eskubiderik ez geneukala sentitzen genuen orain arte, ez ginelako gizartearen parte sentitzen».
Greba feminista intersekzionala da izatez, hau da, pertsonen bizitzak gurutzatzen dituen egungo sistema jartzen du jomugan, eta horiek elkar elikatzen diren hainbat egiturak osatzen dute, besteak beste, kapitalismoak, patriarkatuak, heteroarauak, kolonialismoak eta kapazitismoak. Egitura guzti horiek zapaldutako pertsonak bilakatu nahi dituzte greba feministaren subjektu, izan ere, bakoitzaren gorputzean modu batera gauzatzen dira zapalkuntzak, baina denek dute helburu berdina: bizitza duinak erdigunera eramatea.
Pulidok azaldu du erretiroa hartu zuenetik, zapalkuntza zehatza pairatzen duela pentsiodun gisa, gizonek baino pentsio baxuagoak jasotzen dituztelako emakume askok. Gainera, kontatu du nola emakume askok euren soldatapeko lan ibilbidean zehar, lan berdinarengatik soldata baxuagoa jaso duten, eta askok inongo kontraturik gabe lana egin duten urtetan, kotizatu gabe: «Horrek ondorio zuzena du gaur egun kobratzen dugun pentsioetan, miserableak dira». Halaber, pozik agertu da pertsona bakoitzaren errealitateari gero eta gehiago erreparatzen diolako borroka feministak: «Mugikortasun arazoak ditudanez gaur ezingo dut manifestazio osoa egin, baina Artzain Onaren aurretik abiatuko naiz, martxa osoa egin ezin duten gainerakoekin».
Era berean, Saenzek erakunde publikoen arduran jarri du begirada: «Gure jarduna Erregimen Orokorrean sartzeko konpromisoa hartuko balute, gure egoera prekarioa asko aldatuko litzateke». Etxeko langile asko Segurantza Sozialaren erregimenetik kanpo, eta oinarrizko lan eskubideen bermerik gabe ari dira gaur egun. «Gure baldintzak negargarriak dira, baina gure egoera hain da zaurgarria, ez garela salatzera ausartzen. Gutako asko paperik gabe gaude hemen», esan du Saenzek. Hego Euskal Herrian 37.243 langile dira Gizarte Segurantzan alta emanda dauden etxeko langileak eta, horietatik, %37,79 dira migratzaileak.Halaber, 2017ko hainbat estatistikaren arabera, etxeko barne langileen %16k ez zeukan paperik.
Indarkeria matxista
Patriarkatuak zapaldutako pertsona ororen bizitza gurutzatzen duten indarkeria matxistek, eta greba feministak horien aurka borrokatzeko xedea du. Ruiz de Gaunak, esaterako, azaldu du Egiako Neska* Gazteen taldeak ibilbide laburra duela, iazko udaran sortu zelako. Egiako Porrontxoetan jai esparruan emakumeek pairatzen dituzten indarkeria matxistak salatu, eta horiei erantzuteko helburuarekin sortu zen taldea.
Pulido eta Saenz ere euren esparruko indarkeria matxista zehatzen inguruan mintzatu dira. Nikaraguakoak, esaterako, kontatu du ezagutzen dituela nagusiak bortxatu dituen etxeko langileak. «Poliziarengana joaten bagara salaketa jartzera, gure kontra etorri daiteke hori». Pulidok emakume nagusi askori gertatzen ari zaien fenomeno bati buruz hitz egin du: «Emakume askok jo dute guregana, semeak, prekarietatearen ondorioz etxera itzuli zaizkielako, eta haien partetik indarkeria jasotzen ari direlako».
Martxoaren 8aren ondoren borrokatzen jarraitzeko beharra aipatu dute hirurek, eta Saenz itxaropentsu agertu da: «Niretzat kontzientzia hartzean dago gakoa, eta gero eta gehiago gara errebeldiaren harrak kosk egin digunak».
GREBA FEMINISTA
Zeri egin diote planto?
Greba feministak gure bizitzak gurutzatzen dituen egungo sistema jartzen du jomugan, eta hori elkar elikatzen diren hainbat egiturak osatzen dute. Horiei guztiei egiten die planto grebak:
– Kapitalismoari planto. Kapitalaren interesak erdigunean jartzen dituen sistema ideologiko, politiko, sozial eta ekonomikoa da. Sistema horretan gizartearen gehiengoak bere lan indarrak saldu behar ditu, gutxiengo pribilegiatu batek bere jabegoak handitzeko. Sistema horren lan antolaketaren oinarrian lan erreproduktiboa dago (gehienetan doakoa eta feminizatua).
– Patriarkatuari planto. Botere sistema bat da, gizon gisa eraikiak izan direnen gobernua, hain zuzen. Gizon gisa eraiki ez direnen dominazioaren bitartez egituratzen da, eremu orotan. Genero binarismoa eta familia nuklearra ditu oinarrizko egitura, publiko-pribatu bereizketaren bitartez egituratuak biak, eta birsortzen du, etengabe, kapitalismoaren beharrak asetzeko identitateak eta lan banaketa. Indarkeria matxistetan oinarritzen da patriarkatuaren gailentasuna.
– Heteroarauari planto. Erregimen oso bat da. Heterosexualitatea ez da, soilik, desira eta orientazio kontu bat, sistemak behar-beharrezkoa duen egitura bat baizik. Ezinbestekoa da alor soziala, politikoa zein ekonomikoa arautzeko eta giza eta produkzio harremanak egituratzeko. Genero binarismoaren muinean dago heteroaraua, eta emakume eta gizonen rolak ezartzen ditu. Arauaren bazterretan kokatzen direnak LGTBIQ+fobiaren bitartez zigortzen dituzte.
– Kolonialismoari planto. Kapitalismoak kolonialismoa du aliatu nagusi. Arrazismoa ezartzen du hierarkia menperatzailearen oinarrian, gizatasunaren azpitik jartzen ditu arrazializatutako gorputzak, eta eskubideez desjabetu. Horrek ‘markatzen’ du zer bizitzek axola duten eta zeintzuk ez, eta esplotazio ekonomikoa antolatzen du; adibidez, zaintza lanetan eta etxeko lanetan baldintza onartezinak eta salbuespenezkoak ezartzen ditu.
– Kapazitismoari planto. Kapazitismoa honetan datza: aniztasun funtzionala duten pertsonak alboratzean eta ez-gaitu gisa eraikitzean. Eguneroko bizitzan indarkeria espezifikoa, eskubideen urraketa sistematikoa eta lan merkatuko muturreko bazterketa bizi dute.
Iturria: Greba feministaren hausnarketa, antolakuntza eta komunikaziorako dosierra.