Udalaren eta elizaren aurkako ekintzak egin dituzte eguerdiko kalejira feministan
Bulebarreko elkarretaratze jendetsuaren ostean, grebalariek hainbat ekintza aldarrikatzaile egin dituzte udalaren, elizaren eta Inditex enpresaren aurka.
Greba feminista dela-eta Bulebarrean eginiko elkarretaratze jendetsuarenaren ostean, eguerdian grebalariek kalejira abiatu dute Erdialdetik. Ibilbidean horretan zehar, hainbat ekintza aldarrikatzaile egin dituzte udalaren, elizaren eta Inditex enpresa multinazionalaren aurka.
Donostiako udaletxe albotik igaro direnean, hainbat ekintzailek pintura zuriz margotu dute eraikinaren fatxada, udal ordezkariek kanpainen bidez eginiko “zuriketa morea” salatzeko. Pinturaz beteriko bonbillak bota dituzte udaletxearen hormen aurka, eta “Ez zuritu gure morea!” esaldiarekin margotu dituzte inguruak.
Lehenago, Inditex enpresak Erdialdean dituen denden aurkako ekintzak egin dituzte, kapitalismoaren aurkako aldarriekin. Artzain Onaren katedralera iristean, berriz, tenpluaren obrak direla-eta eraikinean jarri dituzten aldamioetatik pankarta erraldoia zintzilikatu dute, “Fatxa zahar eta berriak sutara” mezuarekin.
Hotelen areagotzea eta hiriaren turistifikazio prozesua ere salatu dituzte kalejiran zehar, eta hainbat ekintzaile Gipuzkoa plazako hotel baten harrera-lekura sartu dira langileen artean zapi moreak banatzeko.