"Zergatik joan oinez gurpilen gainean joan bazaitezke?"
Barnean sorpresa ugari gordetzen dituen kutxa da Zerrat. Besteak beste, Txemak taldeko abeslaria da, eta zinemagintzan egiten du lan. Patinetan etorri da hamabietako bermuta hartzera.
Zergatik aukeratu duzu Marruma?
Taberna hau erreferente bat da Grosekoak garenontzat. Askotan etorri ohi naiz hona, lagunekin edo bakarrik, nire kafetxoa lasai hartzera.
Orain, ordea, ez zara Grosen bizi.
Duela urtebete baino gehiago San Pedrora joan nintzen bizitzera, eta aurretik ere denbora dezente igaro dut auzotik kanpo. Ikasketak zirela eta, Madrilera joan nintzen lehenik, baina hiria handiegia egin zitzaidan. Ondoren, Frantzian egon nintzen pare bat urtez, uztan lan egiten.
Donostiar asko joan ohi dira udaran mahats-bilketan lan egitera.
Bai. Diru-iturri azkarra da, eta lana badago, baina inork ez dezala pentsa horrekin poltsikoak beteko dituenik. Frantziara igo ginen lagunok sagar-bilketan hasi ginen lanean, gero mahastietan eta, azkenik, aran-bilketan. Zalantzarik gabe, aranarena izan zen lanik errazena eta samurrena.
Patinetan etorri zara elkarrizketara. Zaletasun berri bat da?
Interneten bideo batzuk ikusten ari nintzela, patinetaz gogoratu nintzen. Beste askok bezala, txikitan erabili izan nituen, eta berriro patinetan ibiltzeko ideia egundokoa iruditu zitzaidan. Pare zahar bat lortu, eta skatepark-era joaten hasi nintzen. Kontua da kolpeen eraginek txikitan baino gehiago irauten dizutela gorputzean.
Kaletik joateko erabiltzen dituzu?
Bai. Askotan Saguesera joaten naiz biraka ibiltzera. Izan ere, gauza asko egin daitezke patinekin. Duela zenbait hilabete, AEBetan kirol berri bat asmatu dutela ikusi nuen: Roller Derby-a. Zirkuitu itxi batean bi taldeen artean jokatzen den kontaktuzko kirol bat da, eta oso dibertigarria iruditu zitzaidan.
Hirian talde bat dugula ikusi nuen, Easo Avengers, eta parte hartzera animatu nintzen. Emakumeen taldea da, baina gizonok entrenamenduetan parte hartzeko aukera dugu, eta txapelketa mistoak ere antolatu izan dira penintsulan. Generoagatik desberdindurik ez dagoen kirol bat praktikatzea oso atsegina iruditu zait.
Monozikloan ere ibili ohi zara. Alergia diozu lurrari?
Baietz dirudi! Zergatik joan oinez gurpilen gainean joan bazaitezke?
Zinemagintzan egiten duzu lan. Nondik datorkizu zaletasun hori?
Etxean zinemazaleak izan gara betidanik, nire ama batez ere, eta astero zinemara joan ohi ginen. Truebatik gertu bizitzeak, noski, asko lagundu zuen horretan.
Unibertsitatean, Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua eta Arte Zuzendaritzako masterra ikasi nituen. Gero makinista gisa hasi nintzen lanean, kamerarentzako garabi eta errailekin. Dantza filmaren grabaketan, ordea, lan horrekin batera argiketari gisa aritzea tokatu zitzaidan, eta horretan jarraitu dut geroztik. Azkenean, ogibidea eta zaletasuna uztartzeko zortea izan dudala esan daiteke.
Argiztapenaz arduratzen zara, hortaz.
Hala da. Irudiaren konposizio on bat egiteko ezinbestekoa da argiztapena kontuan hartzea. Eszenografia asko edertu edo erabat izorratu dezake.
Beste arte batzuetan ere zureak egin izan dituzu. Zer moduz dabil Txemak?
Ia hamar urte pasa dira taldeko kideok lehenengo diskoa atera genuenetik, eta, egia da denbora luzea daramagula lan berri bat argitaratuko dugula esaten. Hala ere, hilabete hauetan abesti batzuk fintzen aritu gara, eta horrela jarraituz gero, laster bigarren diskoa bat osatzeko gai izango garela esango nuke. Bueno, badaezpada ez dut gehiegi hitz egingo…
Nola azalduko zenuke zuen estilo berezia?
Hardcore anala egiten dugu. Analcorea, alegia. Taldekideon artean erabaki genuen gure estiloa horrela deituko zela.
Estilo apurtzailea, baita lan erritmoetan ere.
Kuriosoa da, bai. Bideoklipak ere diskoa baino bost urte beranduago egin genituen! Gauzak gure modura egin izan ditugu beti.
Bideoklipetan eta agertokian mozorrotuta ikusi izan zaitugu. Atsegin dituzu inauteriak?
Niri mozorrotzea gustatzen zait, baita inauterietan ere, baina nahiago dut inauteri propioak beste edozein egunetan egitea. Mozorrotzeko ditudan aukera guztiak aprobetxatzen ditut.
HAMABIETAN BERMUTA. Bermuta eta hirugihar eta perretxiko pintxoa.
Non. Marruma taberna (Gros).
Prezioa: 3,50 euro.