Emakume guztiek irabazi dute
Giro paregabean, Euskal Herri osoko 6.200 emakumek hartu dute parte 30. Lilatoian. Lorea Ayala donostiarra izan da, bigarren urtez, probako lasterkari azkarrena.
Helmuga lehen postuan gurutzatu ez izan arren, gaur emakume guztiak izan dira irabazle Donostiako Lilatoian. Izan ere, 30 urte bete dituen lasterketa herrikoiak gizartean emakumeei dagokien lekua aldarrikatzeko balio izan du berriro ere. Martxoaren 8ko greba feministaren bultzadaz lagundurik, 6.200 emakumek hiriko kaleetan zehar egin dute korrika, giro paregabean eta herritarren animo oihuen artean.
Kirol probari dagokionez, Lorea Ayala izan da, beste urtebetez, helmuga gurutzatu duen azkarrena. Donostiarrak 17 minutu eskas behar izan ditu lasterketaren ibilbideko 4,7 kilometroak egiteko; bere atzetik, Nerea Egiak eta Izaro Rubiok osatu dute aurtengo podiuma.
Marketatik harago, ordea, giro alaia eta aldarrikatzailea izan da nagusi aurtengo Lilatoian. Probari hasiera eman aurretik, lasterkariek zumba egiten berotzeko aukera izan dute, eta baita Ezten Giro taldeak Bulebarreko kioskoan eskaini duen kontzertuan dantza egiteko ere. Beste urtebetez, han ibili dira ere HITZA taldea osatu duten hamarnaka emakumeak, urteroko argazkia atera ostean.
Behin irteeran kokaturik, Gipuzkoa Ogiberri taldeko txirrindulariak lasterkarien aurrean kokatu dira Lilatoiak eskaini dien omenaldirako. Leire Olaberriak taldearen izenean jaso du ohorezko plaka, bere kideekin batera 4,7 kilometroko ibilbidea abiatu aurretik. Irteerarako hotsarekin batera, milaka emakumek euren atzetik abiatu dute lasterketa.
Erdialdean eta Grosen egin duten ibilbidean zehar, lagun eta senideen animo oihuak gertu sentitu dituzte lasterkariek, hasieratik amaierara arte. Korrikalarien artean, besteak beste, mozorroak eta heteropatriarkatuaren aurkako pankartak ikusi dira, gaurko giro alai eta aldarrikatzaileren isla izan direnak.
Bulebarreko helmuga gurutzatzean, lasterkariak lasai jan eta edateko astia izan dute, indarrak hartu eta eguerdiko poteoari ekin aurretik.