Gazteentzako zortzi laborategi artistiko egingo ditu Kontadoresek
Zortzi laborategi artistiko programatu ditu Kontadoresek gazteentzat. Beste hainbat diziplinen artean, kale antzerkiarekin, sukaldaritzarekin eta zirkuarekin zerikusia dutenak nabarmentzen dira.
Kontadoresek gazteentzat egingo dituen udaberriko laborategi artistikoetan izena emateko epea zabalik da. Martxoaren 22an hasiko dira programatu dituzten zortzi laborategi artistikoak, eta ekainean amaituko dira. Guztira, 188 plaza eskainiko dituzte, eta ikastaroak programatzeko gazteen interesak, beharrak eta zaletasunak oinarri hartu dituztela jakinarazi dute. Izen ematea www.kontadores.eus webgunean eta Kontadoresen bertan egin daiteke.
Laborategien helburua da gai zehatzen inguruko prestakuntza, baita gazteen arteko harremanak sustatzea eta dinamika bereziak sortzea ere. Kontadoresera ahalik eta gazte gehien erakartzeko asmoz iazko ikasturtean arrakastatsuak izan ziren hainbat laborategiren jarraipena egingo dute, eta gainera, hainbat proposamen berri ere programatu dituzte, esaterako, gastronomiarekin loturiko batzuk. Era berean, tokiko artista eta eragile gazteek egindako proposamen berritzaileei leku egiteko saiakera egin dute.
Oro har, 18-30 urte bitartekoentzat dira ikastaroak, baina 18 urtetik beherako eta 30 urtetik gorako pertsonek parte hartzeko aukera izango dute, haien parte hartzea egoki ikusten bada, eta plaza libreak baldin badaude. Halaber, lehentasuna izango dute Donostian erroldatutako gazteek.
Honakoak dira udaberriko laborategi artistikoak:
1- KALE ANTZERKIA: IBILBIDEA ETA SORMEN PROZESUA
Kale antzerkia eremu urbanoan eta aire librean gertatzen da. Publikoak ikuskizunaz goza dezake, ordaindu gabe, oihalik gabe, eta aktoreak eta publikoa hurbil-hurbil daude. Hainbat leku izan litezke agertoki: plazak, merkatuak, geltokiak, kaleak… Trapu Zaharra kale antzerki talde beteranoak gidatuta, kale antzerkia egiteko gakoak zeintzuk diren ikasi ahalko dugu. Lehen saioan, antzerki diziplina horren ibilbidea azalduko digute eta, bigarren saioan, euren azken kale antzerki piezaren sormen prozesuaren xehetasunak emango dizkigute.
Datak: maiatzak 2 eta 9
Ordutegia: 18:00-20:30
Eguna: osteguna
Plaza kopurua: 10 pertsona
Prezioa: 7,50 €
2- DANTZA GARAIKIDEA: NODE LABORATEGIA – NATURA ESPERIENTZIA
Laborategi honetan NODE arte eszenikoen konpainiak (Ana Barrantes, Ion Estala) NATURA eskainiko digu, mugimenduaren jatorria ikertzen duen proiektua, hain zuzen ere. Bertan, parte hartzaileen gorputz erreakzioak landuko dira, aldez aurretik ezagutzen ez dituzten hainbat ikus-entzunezko material eta elkarrizketa abiapuntutzat hartuta. Larunbatean, otsailaren 23an, jatorrizko ikerketa proiektua ikusi ahal izango dugu, Paula Barra dantzariaren eskutik. NATURA pieza perfomatiboa izango da: dantza garaikidea, performancea eta ikus-entzunezkoak testuinguru berean bateratzen dituena. Hautatutako proiektua SORTUTAKOAK 12 da.
Data: Martxoak 22
Ordutegia: 1. taldea: 18:00-19:30 / 2. taldea: 19:30-21:00
Eguna: Ostirala
Plaza kopurua: 10 pertsona
Prezioa: 3 €
3- ZIRKUA (16 urtetik gorakoentzat)
Zirkuan hasiberriei eskainitako laborategia da, grina pizteko aproposa. Xomorro taldearen eskutik, sei egunez, sormena, jolasa eta elkarlana uztartuko ditugu zirku diziplina desberdinen bitartez: akrobaziak (tela eta trapezioa), esku-jokoak (pilotak, mazoak, zapiak, kariokak…), oreka (slacklinea, monozikloa, oreka-zilindroa,…) etab.
Datak: Maiatzak 10, 17, 24 eta 31 eta ekainak 7 eta 14.
Ordutegia: 18:30-20:30
Eguna: Ostirala
Plaza kopurua: 10 pertsona
Prezioa: 18€
4- MUNDUKO SUKALDARITZA Laborategi honek munduko hainbat lekutako janaria prestatzeko eta dastatzeko aukera eskainiko digu. Osagai konbinazio berezi, errezeta berri, askotariko zapore, espezie zein usainekin esperimentatzeko aukera izango dugu. Laborategi amaieran, aukera izango dugu prestaturikoa dastatzeko eta eramateko.
Dinamizazioa: Lander Ganzo
Gaiak, datak eta ordutegia:
– Ramen fever (apirilak 6, 16:30-20:30): Txinatar erako gari fideoak, haragi hezurrez eta barazkiz egindako eta soja saltsaz zein misoz ondutako saldarekin. Gorringo krematsudun arrautza, txerri erre xerra, nori alga… Japoniako prefektura bakoitzak bere bertsioa du. Laborategi honetan, geure bertsioa sortuko dugu!
– Hegoaldeko Vietnam (maiatzak 4, 16:30-20:30): Vietnam hegoaldeko errezeta gozagarriak egingo ditugu, eta Ho Chi Min / Saigon hiria hartuko dugu abiapuntu gisa. Chili saltsaz beteriko bilkari zaporetsuak, zopa usaintsuak, eta kontrastez zein edertasunez josiriko herrialde zirraragarri horretako gisatu tradizionalak landuko ditugu.
– Indiako curryak (maiatzak 18, 16:30-20:30): Asiako curry zaporetsuak, krematsuak eta usaintsuak zoragarriak dira; belar eta espezia alkimia. Itsaskiekin, haragiarekin eta barazkiekin Indiako eta Thailandiako curryak prestatuko ditugu. Eta lagunduko ditugu jasmin erako arroz basmatiarekin eta guk geuk egindako txapati ogiarekin.
– Poke Hawaiiarra (ekainak 8, 16:30-20:30): Hawaii uharteetako plater tradizionala da. Osasuntsua eta freskoa da; Japoniako donburia edo sashimiaren edo Peruko cebichearen eta ondutako entsaladaren arteko plater bat dela esan dezakegu. Hainbat oinarri eta gatzozpin prestatuko ditugu, eta, ondoren, norberak bere Pokea onduko du.
Eguna: larunbata
Plaza kopurua: 15 pertsona
Prezioa: 8 € saio bakoitzeko. Saioak elkarren artean independenteak dira.
5- SUPPER CLUB
Supper club edo afari klubean aukera izango dugu elikagai berriak dastatzeko, janaria prestatzen ikasteko eta, batik bat, sukalde kontuez berriketan aritzeko. Taldekideen artean prestatuko dugu afaria, eta prestaketa prozesuaren esperientzia partekatuko dugu. Laborategian afari ederraz gozatzeko parada izango dugu, konpainia ezin hobean.
Dinamizazioa: Gregory Schaefer
Gaiak, datak eta ordutegia:
– Jamaica, legalize it! (martxoak 30, 16:30-20:30): Laborategi honetan uharte zoragarri horretako hainbat errezeta ezagutuko ditugu. Gozamena da jamaikar erara jatea eta edatea: bakailao kruxpetak, jengibrez egindako garagardoa, koko esnetan egositako arroza, barbakoa “Jerk” erara, mangozko chutneya eta gehiago
– Sukaldaritza beganoa mugarik gabe(apirilak 13, 16:30-20:30): Gure baratza miatuko dugu, zapore berriak ezagutzeko, eta harritzeko moduko ezustekoak izango ditugu. Beganoa izanda edo izan gabe, gozatzeko moduko laborategia duzu. Barazki eta zerealak prestatzeko errezeta berriak, almendra esnea, anakardo gazta eta tarta beganoa.
– New Orleans: Budua eta jazza sukaldean (maitzak 25, 16:30-20:30): New Orleanseko gastronomiak historia mitikoa du. Gisatu eta arroz bereziak, arrain eta itsaski freskoak, azkenburuko bitxiak… zapore festarekin gozatuko duzu!
– Barbakoa arratsaldea (ekainak 15, 16:30-20:30): Kontadoresen ikasturte amaiera ospatuko dugu, eta horretarako, sukaldetik Kontafestarekin elkarlanean ariko gara, egun horretan baita Kontafest. Laborategi horretan, talde handientzat sukaldean nola aritu ikasi ahal izango duzu.
Eguna: larunbata.
Plaza kopurua: 12 pertsona.
Prezioa: 8€ saio bakoitzeko. Saioak elkarren artean independeteak dira.
6- ZEMENTUA ERABILIZ EGINDAKO KALE ESKU HARTZEA
Laborategi praktiko honetan zementuz egindako mural bat egingo dugu eremu publikoan. Hasteko, zementua nola lantzen den ikasiko dugu, eta ondoren, konposizioaren forma diseinatuko dugu. Taldekideen artean konposizio bat egingo dugu, eta diseinu hori kanpo eremuan dagoen pareta batean txertatzen ikasiko dugu.
Dinamizazioa: Kattalin Usoz, Jon Elorza
Datak: Apirilak 5, 12 eta 26; Maiatzak 3, 10, 17, 24 eta 31; Ekainak 7 eta 14.
Ordutegia: 18:00-20:00.
Eguna: ostirala
Plazak: 10 pertsona
Prezioa: 30€
7- ARTEAREN HISTORIA HACKEATU
Laborategi honen helburua artearen historiako narratiba hegemonikoa eraldatzea da, gure genealogia transfeministen memoria kolektiboa berreskuratzeko ariketen bidez.
Lehenengo saioan, errelato edo kontaketa heteropatriarkalaren arrakalak estaliko ditugu. Iraganik gabe, ez dago oraina ez etorkizuna edukitzerik. Horra hor, iraganeko arte guztia auzi politiko bihurtu izanaren arrazoia.
Bigarren saioan, artista eta talde desberdinak ezagutuko ditugu: argazkigintza bidezko kale esku hartzeak, espazio publikoa hartuta beraien obra politizatuz.
Azken bi saioetan, egingo dugun ekintzaren inguruan ariko gara:
-Gaia adostuz
-Esku hartzerako irudiak aukeratuz
-Kalean itsasteko beharrezko moldaketak eginez
Dinamizazioa: Silvia Ayerra
Datak: Maiatzak 9, 16, 23 eta 30.
Ordutegia: 18:00-20:30
Eguna: Osteguna
Plazak: 10 pertsona
Prezioa:15 €
8- TALDEAN HOBETO ELKART ULERTZEKO ETA ANTOLATZEKO GAKOAK
Laborategi honetan tresna teoriko eta praktikoak ikusiko ditugu, helburu zehatz batekin: fokua taldearen helburuetan jarri, emozioak eta desberdintasunak kudeatzen ikasi, bilera afektiboak egin, barne komunikazioa hobetu… eta hau guztia, gure artean zainduz eta ongi pasatuz. Norentzat? Proiektu, elkarte edo enpresaren baten parte hartzen duen orori, baita auzoko, lagunarteko edo familiarteko kide den edonori ere. Gaztelaniaz emango den arren, euskaraz parte hartzeko askatasun osoa izango duzu.
Dinamizazioa: Emanhar Elkartea
Datak: Martxoak 26 eta Apirilak 2, 9 eta 16.
Ordutegia: 18:00-20:45.
Eguna: Asteartea
Plazak: 30 pertsona
Prezioa: 16,50 €