Loiolako kuartelak "berreskuratzeko" konpromisoa hartu du EAJk
Kuartelen lurrak eskuratzeko "modurik onena" EAJren botoak Madrilen erabakigarriak izatea dela dio Eneko Goia alkategaiak.
Apirilaren 28an izango dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Aldiz, udal eta foru hauteskundeak maiatzaren 26an egingo dira. Udaberriko bi hauteskunde horiei begira, EAJk ekitaldia egin zuen atzo, Loiolan. Eneko Goia Donostiako alkategaiak eta Espainiako Kongresu zein Senaturako hainbat hautagaiek parte hartu zuten. Besteak beste, Aitor Esteban, Joseba Agirretxea, Iñigo Barandiaran eta Maribel Vaquero.
“Egunen batean lortuko dugu Loiolako kuartelak hiriarentzat berreskuratzea. Espainiako hainbat gobernuk bazterrak nahasi dituzte. Eta egun militarrak dauden tokia estrategikoa da hiriaren garapen urbanistikoarekin jarraitzeko. Izan ere, bertan, 1.500 etxebizitza eraikitzeko lurra dago”, adierazi zuen Goiak.
Kuartelen lurrak eskuratzeko “modurik onena” EAJren botoak Madrilen erabakigarriak izatea dela gaineratu zuen alkategaiak. “Ez du zentzurik horrelako azpiegitura bat hiri barruan egoteak, eta are gehiago ikusita egun militarrek duten beharra baino azpiegitura handiagoa dela. Konponbide bat lortzeko hainbat aukera planteatu ditugu, baina erantzunik gabe”.
Martuteneko kartzelari dagokionez, Goiak egoera zertan den azaldu zuen: “Orain beste proiektu bat aurkeztu digute, eta proiektu hau azken urteetan aurkezten diguten hirugarrena da. Eta ondorioz, ez dugu kartzela berria izango hurrengo lau edo bost urtetan”. Horrekin batera, esan zuen Martuteneko kartzela Estatuko zaharrena dela, eta kartzela ixtea duintasun kontua dela. “Izan ere, han dauden presoei ematen dien bizi kalitatea ez da behar denaren gutxienekoetara iristen. Eta, gainera, egungo kartzela han mantentzea Txomineneko bigarren fasea oztopatzen ari da, non eta 700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten den”.