Piktograma bat egin dute, osasun etxeetan komunikazio oztopoak gainditzeko
Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak piktograma bat editatu du osasun etxeetan pertsona gorrekiko komunikazioa hobetzeko. Gipuzkoako osasun etxe publiko eta pribatuetan banatuko da. Buru osasunean aditua da Raquel Ule erizaina, eta berak sortu du piktograma, gorrei ematen zaien erizaintzako arretaz azterketa bat egin ondoren.
“Ikusirik baliabide askorik ez zegoela eta komunikatzeko zailtasunak ezinegona eragiten zuela bai erizainen bai gorren artean, piktograma egitea bururatu zitzaidan. Oinarrizko informazioa erraz eta modu nahiko bisualean trukatzeko aukera ematen duen baliabide horrek, eta larrialdietan zein edozein zerbitzu edo osasun etxetan erabil daiteke”, adierazi du Ulek.
Zenbait zeinu eta sintoma biltzen ditu piktogramak, eta haien zenbait ezaugarri: maiztasuna, non eta noiztik agertzen diren… Bi formatutan editatu du piktograma COEGIk: DIN A3 tamainako kartel bat, eta esku orri bat. Gipuzkoako osasun etxe pribatu eta publikoetan banatuko dira biak. Bestalde, piktogramaren ale bat eskuratu nahi duenak Elkargoari eskatzea besterik ez du.
Piktograma ez ezik, zeinu hizkuntzari buruzko ikastaro berritzaile bat ere ari da ematen COEGI. Hirurogei ordukoa da ikastaroa, irakasle natiboek emana, eta oso harrera ona ari da izaten Gipuzkoako profesionalen artean. Gainera, osasun terminologiara eta prozeduretara egokituta daude ikastaroaren edukiak, erizainak hobeto komunika daitezen paziente gorrekin.
INEren datuen arabera, Gipuzkoan 15.000 lagun inguruk dute entzuteko desgaitasuna. “Komunikazio oztopoak gainditzea da gure aldarrikapen nagusietako bat, baina gure irudipena da Osakidetzak ez duela askorik egin aurrera bide horretan… Egoera ez da erraza, eta kezkatu egiten gaitu gorrei ematen zaien arretak”, adierazi du Gipuzkoako Gorren Elkarteko presidente Rosa M. Rodriguezek.
Rodriguezek esan duenez, interprete bakarra daukate Gipuzkoa osorako, eta honakoa aldarrikatu du: Osakidetzak berak kudea dezala interprete zerbitzua gor bati hitzordua jartzen zaion bakoitzean. “Gaur egun, geuk eskatu behar izaten dugu, eta askotan interpreteak ezin izaten du hitzordura agertu, beste nonbait ari delako lanean. Hori dela eta, hitzorduak aldatu egin behar izaten ditugu, ezin izaten ditugu deiak kudeatu… Egunean 24 orduz izan behar genuke interprete-zerbitzua”, esan du.