Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astea egingo dute martxoko hirugarren astean
Bigarren Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astea, egingo dute martxoaren 20tik 25era, Donostiako hainbat gune eta kultur etxetan. 1999an Poesiaren Nazioarteko Egun gisa aitortu zuen UNESCOk martxoaren 21a, olerkien irakurketa, idazketa eta argitalpenerako egitasmo oro sustatzeko xedearekin, eta egun horrekin bat egiteko antolatu du Donostia Kulturak poesia jaialdia.
Olerkia, beste generoekin alderatuz gero, arreta gutxien bereganatzen duen literatur generoa da. Hori kontuan izanik, Poesialdiak balioan jarri eta Donostiako publikoarengana hurreratu nahi du. Horretarako, herritarrek belaunaldi desberdineko olerkariak eta hainbat olerki joera, eztabaida eta elkarrizketak sustatu nahi dituzte. Era berean, Donostia Kulturak urtean zehar antolatzen dituen ekimenak eta programak bistaratzea bilatuko du Poesialdiak: Poesiaren Orduak, Poesia eta Pentsamendua Jardunaldiak, olerki lanen errezitalak eta aurkezpenak egileekin, Literaktum Jaialdia, Olerkiaren Txokoa, eta abar.
Egitarau oparoa
Poesialdiaren lehen jarduera Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren bigarren sariaren banaketa izango da. Martxoaren 20an egingo dute, 19:00etan Konstituzio plazako Mandas Dukearen aretoan, eta aurten, 13 olerki liburu aurkeztu dituzte. Balea Zuria argitaletxeak antolaketan parte hartu du, eta deialdia irailean zabaldu zuten, 35 urte baino gutxiago dutenentzat. Irabazleak 1.000 euroko saria jasotzeaz gainera, Imanol Larrinaga margolariaren akuarela bat jasoko du. Era berean, Balea Zuria lan irabazlea argitaratuko du, eta datorren ekainean Donostia Kulturak antolatzen duen Poesia eta Pentsamendua errezitalean parte hartuko.
Poesialdiak martxoaren 21ean jarraituko du, Poesiaren Nazioarteko Egunean, bi jarduerarekin. Lehena olerki errezital bat izango da, El Rincon de la Poesía – Olerkiaren Txokoa, Musikeneko musikari gazteekin batera. Intxaurrondoko Liburutegian izango da, 18:00etan eta adineko pertsonei zuzendutako aisialdi aktibo batean diharduen Plus 55 zerbitzuaren proiektu baten zati da.
Egun horretan bertan, 19:00etan, Viktoria Eugenia Klub Aretoan, Adam Zagajewski olerkari poloniarra solasean arituko da Ramon Andres iruindar olerkari eta saiogilearekin. Zagajewskiri 2017an Letretako Asturiasko Printzesa saria eman zioten, eta aurten Literatura Kritiken sarirako izendatuta dago, Asimetria izeneko liburuarengatik. Saioa Poloniar Kulturaren Institutuaren laguntzari esker antolatu dute.
Martxoaren 22an, ostiralean, Poesialdiak beste bi hitzordu izango ditu, biak 19:00etan. Lehena, Egia kultur etxeko Liburutegian, Jorge Pascual olerkari gaztearen errezitala, Las olas no tienen quien les escriba lanarekin. Jorge Gonzalez gitarra jotzailea izango du laguntzaile.
Bestalde, Idurre Eskisabel idazleak Goseak janak azken laneko olerkiekin errezitala eskainiko du D’Capricho bikoteko Dana abeslariarekin batera, San Jeronimo Aretoan.
Txikienei poesia hurbiltzeko, 2019ko Poesiaren Astean, 4 urtetik 7 urterako haurrentzat jarduera bat antolatu dute. Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan (San Jeronimo) izango da, hilaren 23an, 11:00etatik aurrera. Itziar Zubizarreta eta Taun Taun taldeak Lau Haizetara lana eskainiko dute: parte hartzeko ikuskizuna da eta hainbat lengoaia artistiko biltzen ditu, ipuina, olerkia, musika eta antzezpena.
Amaiera gisa, eta EHUren eskutik, hilaren 25ean, 19:00etan unibertsitateko campusean olerki emanaldi bat egingo dute, martxoaren 20an egiten den Frantses Hizkuntzaren Eguna dela eta. Campus Poetique honek Gipuzkoako campusaren zentroetako langileak bilduko ditu, jatorriz frantsesez idatzi den poesia bat gaztelaniaz eta euskaraz irakurtzeko, Maddi Zubeldia idazle eta abeslariarekin batera.