Intxaurrondoko gazteek okupatutako eraikinaren desalojoaren aurkako manifestazioa egingo dute
Intxaurrondo Gazte Asanbladak auzoko etxe huts bat okupatu zuen duela lau hilabete, eraikinari auzoarentzat baliagarria den erabilera bat emateko asmoz.
Urtarrilaren amaieran, gazteek gune berriaren aurkezpen publikoa egin zuten, eraikina auzora irekiz. Egun gutxira, ordea, jabeak etxea uztera behartu zituen, desalojo bortitz baten mehatxupean. Hori dela eta, gazte asanbladak manifestazioa egingo du auzoan ostiralean, “biolentzia ekonomiko, politiko eta juridiko kapitalistari gure aurkakotasuna erakutsi, eta beste auzo eredu bat eraikitzen ari garenon elkartasuna saretzen jarraitzeko”.
Intxaurrondo kaleko 32. zenbakiko eraikina elizarena da, eta 2.000 metro karratuko lursail batean dago kokatua. Auzoko gazteek jakinarazi dutenaren arabera, etxea hamar urte baino gehiagoz egon da hutsik, eta bere jabeekin adostasun batera heltzeko ahaleginak egin dituzten arren, elizak desalojo prozesua abiatu duela adierazi dute, elkarrizketari tarterik eskaini nahi izan gabe.
Gainera, eraikinaren desalojo prozesua garatzeko erabili den legedi berriak kaleratzearen epeak murrizteko helburu garbia duela salatu dute gazte asanbladako kideek. Beraien kasuan, eraikina uzteko bost eguneko epea izan dutela zehaztu dute, negoziaziorako eta mobilizaziorako gaitasunak murriztu dizkietela azpimarratuz.
Manifestazioa Intxaurrondoko tren geltokitik abiatuko da, 19.00etan, Elizak poltsikoak betetzeko, guk auzoan bizitzeko lemapean.