SOS Arrazakeriak pertsona migratzaileen mentoreak bilatu nahi ditu
SOS Arrazakeriak egitasmo bat aurkeztu zuen atzo, martxoaren 12an, pertsona migratzaileekin harremanak sortu eta haiekiko enpatia bultzatzeko. Udaletxean aurkeztutako proiektuak aitzindariak ditu Kanadan eta Katalunian, eta migratzaileekin harremanak sortuko dituzten mentoreak aurkitzea bilatzen du. Helburu nagusia “komunitatea eratzea” da. “Ordu batzuk batera pasa ostean, elkar ezagutzen hasiko zarete, nola pentsatzen duen bakoitzak, nolakoak zareten, eta abar. Helburu txikiak betetzen direla ohartuko zarete, eta sortzen den harremana bi aldeentzat ona dela ikusiko duzue”, adierazi zuten SOS Arrazakeriako ordezkariek.
GKEak ikerketa bat egin du 400 pertsonarekin, pertsona migratzaileekin gipuzkoarrek sortzen dituzten harremanak eta enpatia aztertzeko. Emaitzen arabera, ez dira beti garatzen enpatia eta harremanak.
Egitasmoan parte hartuko duten mentoreek formazioa jasoko dute, eta ondoren, talde edo familia bat egokituko zaie eta astero haiekin konpartituko dituzte hainbat ordu, iritsi berriek izan ditzaketen beharretan lagun egiteko. Sistema honen kudeaketan parte hartuko du baita ere CEAR-ek (Comision Española de Ayuda al Refugiado), eta haiek egingo dute jarraipena.