Dani Fanok eta Ainara Azpiazuk ilustrazio eta marrazketa inprobisazio saioa egingo dute
Larunbatean, martxoaren 16an, Dzirt Dzart izeneko ilustrazio eta marrazketa inprobisazio saioa egingo dute 17:00etan Kristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Dani Fano eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak izango dira protagonistak, eta Garbiñe Ubeda idazleak gai-jartzaile eta aurkezle lanak egingo ditu. Komikigunearekin batera antolatutako jardueraren sarrera irekia eta doakoa izango da, lekua bete arte.
Klima aldaketa, hau komeria erakusketaren harira antolatutako jarduerak bertso saioen tankera izango du, izan ere, bi ilustratzaileek, Ubedaren aginduetara marraztu beharko dute. Askotariko ariketak egin beharko dituzte marrazkilariek, batzuetan bakarka, eta beste batzuetan taldeka. Besteak beste, pertsekuzio ariketa, kartzelakoa eta batak bestearen azalpena marrazteko ariketa egin beharko dituzte.
Jardueraren arduraduna da Eneko Calvo, eta honakoa azaldu du: “Oso jarduera berezia izango da, askotan ikusteko aukera izaten ez den horietakoa; izan ere, marrazkilariek zuzenean sortuko dituzte euren ilustrazioak, inprobisatuz, sorkuntzaren prozesua hasieratik amaierara bertatik bertara ikusteko aukera izango dutelarik bertaratzen diren lagunek”.