Donostiarentzako kirol egitasmo bat aurkeztu du Reyes Carrerek
Reyes Carrere EH Bilduren alkategaiak Donostia Kirol Hiria egitasmoa aurkeztu du, udal hauteskundeei begirako bigarren proposamena. “Hiriko kirol guneei ahalik eta probetxu handiena atera eta XXI. mendeko kirolaren erronkei erantzungo die”, azaldu du.
Donostiako Alkatetzatik bultzatuko du EH Bilduk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako kirol arloko eragileekin aliantzak bilatuta. Egungo azpiegituretatik abiatuta, berrikuntzekin eta ikuspegi integralarekin Euskal Herriko kirol gune erreferentziala sortzea dute helburu.
Anoetako kirol azpiegitura berritu eta egokitzea proposatzen du Carrerek: “Ilunbe erabilera anitzerako gune bihurtuko dugu –zezenketetarako instalazioak kenduta– kirol eta kultur jarduerak egiteko. Belodromoa erabat berrituko dugu, porlanezko gaur egungo pistaren ordez egur hidraulizkoa jarrita. Gascan, Carmelo Baldan eta Atanon ere hobekuntzak egingo ditugu. Eta belodromo ondoko gimnasioa ere zabalduko dugu”.
Azpiegiturak sortzeko asmoa ere badu EH Bilduk. “Kirolarientzako egoitza bat ere egingo dugu, 150 oherekin, Trinkete zaharra zegoen lekuan, kontzentrazioen eta txapelketen antolakuntza errazteko. Kirol ikerketa zentro bat ere jartzeko aukera legoke”, adierazi du Carrerek.
Horrez gain, Donostia Kirol Hiriaren bigarren zutabea Anoetako instalazioen optimizazioa bilatuko duen eta Gipuzkoako kirolarien eta elkarteen beharrei erantzuna emango dien egitura global bat da.