Miramarreko 'Donostia-San Sebastian' kartela kendu dute
Donostiako Udalak Miramar parkean jarritako ‘Donostia-San Sebastian’ kartela kendu zuten astelehenean. Bost metro inguruko kartelak eztabaida sortu du kalean eta sareetan, instalazioaren alde eta kontra agertu diren herritarren artean.
Era berean, udal gobernuko kideen artean ere desadostasunak sortu ziren gaiaren inguruan. Ernesto Gasco alkateordea pozik agertu zen instalazioarekin, “hirira turismoa erakartzen” duela argudiatuta. Eneko Goia alkateak, aldiz, honakoa adierazi zuen: “Erabakiak asmo onez hartu arren, batzuetan emaitzek ez dute bat egiten aurreikuspenekin”.
Turismo zinegotziak SER katean egindako adierazpenen arabera, instalazioa kendu dute aldaketa batzuk egiteko: “Akats tekniko bat konpontzeko kendu dute, materiala ez zen egokiena”. Letren materiala aldatu ostean berriro jarriko dutela jakinarazi du Gascok, “Miramar parkeko beste tokiren batean, beharbada orain arteko tokia baino pixka bat gorago”.