Tokiko fruta-arbolez osaturiko lehen sare publikoa eratuko dute
Tokian tokiko fruta-arbolez osaturiko lehen gipuzkoar sare publikoa eratu nahi du Kristina Enea Fundazioak. FruitOndoan izeneko proiektuaren bitartez bost fruta-arbola sorta izango dituzten guneak eratuko dituzte Donostian. Proiektuari hasiera emateko, tokiko sagarrondo barietateen landaketa egin zuten atzo Egiako parkean, eta Ibaetako campusean, lehen hezkuntzako magisteritzako graduko ikasle eta irakasaleekin.
Egitasmoak Euskal Herriko fruta-arbolen bioaniztasuna ezagutarazi nahi du, baita horiek osatzen duten ondare genetiko eta kulturalaren inguruan sentsibilizatzea ere. Antolatzaileen arabera, landatutako bioaniztasunaren garrantzian erreparatzeko “aukera ederra” da tokian tokiko fruta-arbolak hiriguneetan egotea. Era berean, Marc Badal proiektuaren koordinatzaileak aditzera eman duenez, helburu nagusia da “zuhaitzen bitartez dinamika kolektibo eta komunitarioak sortzea”. “Proposamen honen izaera kolektiboak gure auzo eta herrialdeen sare komunitarioa indartzeko parada ederra izan liteke. Baita tokiko administrazioen, elkarteen eta erakundeen arteko kooperazioa eta kolaborazioa sustatzeko ere”.
Sarea osatuko duten zuhaitz-sorta bakoitzak bere “erreferentziazko” elkartea izango du, eta elkarteak gutxieneko jarraipena egingo du, besteak beste, ezer gertatuko ez zaiola ziurtatzeko. Hala ere, arbola-sorta horien mantenu eta zaintza, hain zuzen ere, publiko orori zabalik izango diren jardueren bitartez egingo dituzte, hala nola, kimutze-jardunaldiak, uzta kolektiboak, eta abar.
Honakoak izango dira Donostian 2019an landatuko dituzten arbola-sortak:
- EHU campusa: Amabirjin sagarra, Anis sagarra, Mokatia sagarra, Errezil sagarra, Udazken gozua sagarra, Negu sagar xuria.
- Egiako parkea: San Juan sagarra, Santiago sagarra.
- Ulia: San Pedro sagarra, San Ignazio sagarra, Pelezitrina sagarra, Errezil sagarra.
- Ametzagaña: Euskal Herriko hainbat mahaiko sagar mota.
- Muntu: Sagardorako zenbait sagasti mota.