Uliako auzo elkarteak Eneko Goiaren azken adierazpenak salatu ditu
Pasa den astean, Eneko Goia alkateak adierazi zuen, Ulia-Ategorrietako parkea babestea eta Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza han kokatzea “bateragarriak” direla. Adierazpen horien harira, haserre agertu da Uliako auzo elkartea. “Alkateak parkean eraikitzeko duen obsesioa salatu nahi dugu”. Auzo elkarteak duela gutxi lortu du Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatzea parkea.
“EAJ betidanik egon da eraikitzearen kontra Ulia-Ategorrietako mintegi historikoetan. Eneko Goia alkatetzara iritsi denean aldatu dute jarrera. Gazteentzako etxebizitzak ez dituzte eraikiko, eta ez dute beteko beraien programa. Ez parkean eta ez inoiz lau urte hauetan. Hori bai, azken hiru urteetan Eusko Jaurlaritzari eskatu diogun babesa oztopatzen aritu dira”, adierazi du auzo elkarteak.
Aranzadi elkartea parkera mugitzearekin tematuta dagoen bakarra alkatea dela diote. “Gure asmoak babes zabala dauka hori gertatu ez dadin. Sei mila donostiarren sinadurak ditugu, Aranzadi elkartearen ikerketa bat, hiriko arkitekto esanguratsuen babesa, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia bat”.