Bizilagunen arazoei irtenbideak emateko talde bat osatu dute
Antiguako Heriz pasealekuko bizilagunek plataforma bat sortu dute auzoan jasaten dituzten arazoei elkarrekin aurre egiteko. 40 bat lagunek osatzen dute taldea, eta hainbat lan ildo identifikatu dituzte jada.
Turismoaren gorakadak sortu dizkien kalteen harira bildu ziren lehen aldiz Herizko bizilagunak. 2016an auzoan ireki zuten Koisi ostatuak eragin zuzena izan zuen euren egunerokotasunean, eta udalak kexei erantzun tinkorik ematen ez ziela ikusita, euren kabuz ekitea erabaki zuten.
Besteak beste, ostatutik zetorren zaratak araudiaren mugak gainditzen zituela salatu zuten, eta legedia aztertuta, negozioaren jabeek terrazan eraikitako taberna ilegala zela frogatu zuten. Etxeetako leihoetatik pankartak zintzilikatu zituzten protesta egiteko, eta Arartekoarengana ere jo zuten, udalak turismora bideraturiko establezimenduei aurre egiteko zailtasunak dituela ondorioztatu ostean. Hilabeteetan zehar eginiko borrokari esker, iazko abuztuan bizilagunek garaipen txiki bat lortu zuten azkenean: Koisik terrazako taberna itxi behar izan zuen baimen faltagatik. Pozak, ordea, gutxi iraun die, metro gutxira beste bi ostatu irekiko dituztela jakin dutelako; bata, Heriz pasealekuan, eta bestea, Matia kalean.
Bide beretik jarraituz gero, turismoaren gorakadak auzoaren izaeraren desitxuratzea ekarri dezakeela uste dute Marije Manterolak eta Luisa Solek. Heriz pasealekuko bizilagunak dira biak, eta plataformaren kide sortzaileak dira. Ostatu berriei buruz galdetuta, azpimarratu dute ez daudela turismoaren kontra, baina bere eraginak ahalik eta txikienak izatea nahi dute: “Turismoa Antiguako bizilagunon bizitzetara egokitu behar da, eta ez alderantziz”.
Arazoen zerrenda zabala
Batu dituena ostatuaren eragin kaltegarrien aurkako borroka bada ere, auzoan turismotik harago doazen arazo gehiago jasaten dituztela salatu dute bizilagunek: “Ostatuaz hitz egiteko biltzen hasi ginen, baina bileretan pixkanaka gai gehiago joan ziren ateratzen, eta horiei ere erantzun bat eman behar zaie”.
Pasealekuan duten arazo agerikoena argiztapenarena dela azaldu du Manterolak, auzotarren segurtasun ezarekin lotura zuzena eginez: “Azken hilabeteetan hiru lapurreta egin dira inguruan, gauez leku iluna da, eta egoera hori baliatu dute”. Plataformak udalarekin biltzeko aukera izan du, egoera zein den azaldu eta Herizko kale-argiak berritu edo areagotzeko eskaera egiteko. Momentuz, ordea, ez dute inolako irtenbiderik jaso.
Horrez gain, mugikortasunaren arloan auzoak hutsune larriak dituela azaldu dute bi bizilagunek. Izan ere, Antiguako goialdean adineko jende asko bizi dela dio Solek, gune komertzialetara hurbiltzeko dituzten zailtasunak nabarmenduz: “Autobus zerbitzuak Heriztik pasatzeko eskatu diogu udalari, baina neurri garestiegia izango litzatekeela erantzun digute”.
lak Erregezain kalearen eta Heriz pasealekuaren artean igogailu bat eraikiko du arazo hori arintzen laguntzeko, baina kontu horrekin ere haserre agertu dira bizilagunak. Izan ere, azkenaldian proiektuak hainbat aldaketa izan dituela jakin dute, baina udalak ez dizkie horien nondik norakoak azaldu: “Gardentasun eza nabaritu dugu”.
Horiek ez dira, baina, auzotarrek identifikatu dituzten zeregin guztiak. Besteak beste, bizilagunentzako aparkaleku eskasiari eta autoek aldapan daramaten gehiegizko abiadurari premiazko erantzun bat eman behar zaiela uste dute. Horretarako, orain arte bezala lanean jarraituko dutela adierazi dute plataformako kideek.
Indarrak batzeko asmoa
Manterolak zehaztu du auzoan transbertsala den arazo nagusi bat dagoela: bizilagunek ez dutela parte hartzen udalaren erabakietan. Horri aurre egiteko, hiriko hainbat eragilerekin indarrak batzeko erabakia hartu dute, eta Donostia Defendatuz koordinakundearen parte izatera pasa dira.
Gainera, Heriz pasealekuan sortu duten plataforma Munibe kalera eta Gantxegi bidera zabaltzeko ahaleginak egiten ari dira, etorkizunean auzo osoa batuko lukeen elkarte bat sortzeko ideia albo batera utzi gabe.