Donostiar gehienek kirola egiteko ohitura du, astean behin gutxienez
Udaletxean aurkeztu dute Donostiak Kirolaren 2018ko memoria. Memorian jasotako datuek erakusten dute Donostiako kirola sasoi onean dagoela, eta, besteak beste honakoak nabarmendu ditu Martin Ibabe Kiroletako eta Gazteriako, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziak: hiritarren kirol praktika altua, Kirol Txartelaren hedapen handia eta kirol ikastaroetan partaidetzaren igoera, kirol ikuskizunen egutegia finkatzea, tokiko kirolarien emaitza hobezinak (batez ere, neskena), udal kirol zerbitzuen erabiltzaileen gogobetetzearen ona eta zerbitzu horien kudeaketa eraginkorra, arduratsua eta jasangarriaren bidez lortu diren emaitza onak.
Hiritarren kirol praktikari dagokionez, biztanleriaren %73ak baino gehiagok kirola egiteko ohitura (gutxienez astean behin) daukala adierazi du Ibabek. Datu horiek, hiru urtero egiten den kirol ohiturei buruzko inkestatik ateratakoak dira (azkena 2018 urtean), eta Europan dauden kirol praktikatik gora kokatzen dute hiria. Gainera, kirol praktika emakumeen artean gehiago hazi dela azpimarratu du zinegotziak.
Udaleko kirol zerbitzuei dagokienez, Kirol Txartelako harpidedunen kopuruak gora egin du, eta 48.000tik gora kokatu zen iaz (48.326). Klubek kudeatutako udalaren kirol instalazioetako berezko harpidedunak kontuan hartuta, Donostiako udalaren kirol instalazioetan 56.000 harpidedun daude hirian, biztanleriaren %30 baino gehiago. Era berean, Kirol Ekintzak kanpainako ikastaroetan partaidetzak igotzen jarraitzen duela nabarmendu du Ibabek, eta iaz, ia 18.000 partaide erregistratu ziren.
Udal kirol instalazioen erabileraren datuek ere gora egin dute, eta 2018an, guztira, 3.038.000 herritarrek erabili zituzten. Erabiliena Paco Yoldi kiroldegia izan zen (470.000 erabiltzaile), eta ondoren, Zuhaizti eta Bentaberri kiroldegiak (350.000 erabiltzaile bakoitzak).
Ibabek azpimarratu du klubak eta kirol ekarteak “ezinbesteko aliatuak” direla, eta jakinarazi du 2018. urtean zehar, Donostia Kirolak 1.400.000 euro banatu zituela dirulaguntzetan; onuradunak izan ziren 40 ikastetxe eta 82 kirol klub.
Eskola Kirolaren eremuan, aldiz, ikastetxeek 5.000 lizentzia biltzen dituztela adierazi du , eta dirulaguntza jaso duten klub guztien artean 10.000 kirolari inguru dauzkate, hasi kadeteetatik eta helduen mailara arte. “Azpimarratu behar da, lizentzia kopuru horren %33 emakumeen lizentziak direla, eta hauek gorako joera erakusten dutela azken urteetan, 8 puntu azkeneko lau urteetan, hain zuzen”, baieztatu du Ibabek.
Horrez gain, hirian antolatzen diren jolas izaerako herri jardueretan (krosak, pilota, futbol txapelketak…) partaidetzak ere gora egin zuen 2018. urtean, guztira 71.000 partaide bildu zituzten proba hauek. Apaigarria da, 60.867 pertsonek hirian antolatutako 47 herri lasterketetan parte hartu zutela.
Kudeaketari buruz zinegotziak esan du “eraginkorra, arduratsua eta jasangarria” izan dela, eta gogoratu du horren aintzatespenaren moduan 2016. urtean Eusko Jaurlaritzak ematen duen Kudeaketa Aurreratuari Brontzezko saria jaso zuela. Halaber, arlo ekonomikoan, Donostia Kirolak asko hobetu du bere autofinantzaketarako zeukan helburua, eta adierazle orokorra 66,20% datuan kokatu da; beste aldetik, autofinantzaketa funtzionala %70,29ra igo da, eta honek udalaren ekarpena murriztea berekin ekarri du. Jasangarritasunari dagokionez, Ibabek azpimarratu du 2016an kontratu energetiko berria sinatu zutenetik kiroldegietan izandako kontsumo energetikoa %21 jaitsi dela. Orokorrean, CO2 isurketak %50 jaitsi dira azken lau urteetan.