Ehunka gaztek greba egin dute klima-aldaketaren kontra
Gaur, martxoaren 15ean klima-aldaketaren kontrako ikasle greba orokorra deialdia egin dute Europako hainbat herrialdetan, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere mobilizazioak antolatu dituzte. Donostian Bulebarrean elkartu dira ehunka gazte, klima-aldaketaren ondorioak salatzeko. Mobilizatu diren ikasle askoren lehen greba izan da gaurkoa, eta antolaketa sare sozialen bitartez sustatu dute. Lehenik, elkarretaratzea egin dute Bulebarrean, eta, ondoren, Erdialdeko kaleetatik zehar manifestazioa egin dute. Bat egin dute protestarekin Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko eta GuraSOSeko kideek.
Nazioartean zabaltzen ari den mugimenduaren bultzatzailea da Greta Thunberg suediarra, eta Bakearen Nobel Sarirako hautagaia da. Gazte andana batzen ari da mugimendura, eta “berandu baino lehen” oinordetzan hartuko duten planetaren suntsiketa frenatu nahi dute.