Inkesta: Non egiten dituzu erosketak?
Groseko Hitzez euskaltegiko ikasleekin hitz egin dugu, eta erosketak non egiten dituzten azaldu digute.
Maite Imaz (Gros)
“Arrandegiak badaude gure auzoan, baina ni Bretxako merkatura joaten naiz arraina erostera. Gainera, azkenaldian, denda asko itxi dituzte, eta lokalak berriz ireki dituzte, baina horietako asko tabernak dira. Asko ireki dituzte azken denboran”.
Marisa Martin (Egia)
“Etxeko gauzak eta elikagaiak nire auzoan erosten ditut normalean, Egian. Baina arropa eta antzekoak erosteko aukerarik ez dago jada. Lehen bazeuden denda gehiago, baina orain pare bat bakarrik daude. Karmengo Andre Mariaren kalean oraindik gelditzen dira saltokiak, baina Ametzagaña kalean, adibidez, oso gutxi. Aldiz, taberna ugari daude, eta giroa oso ona da”.
Carmen Sarriegi (Gros)
“Ni Grosekoa naiz, eta etxerako gauzak auzoan erosten ditut, baina bakarrik elikadura eta garbiketako produktuak; aitortu behar dut arropa eta gainerako produktuak Erdialdean erosten ditudala. Gainera, gehienak kate handietan erosten ditut. Azkenaldian Internet bidez erosten hasi naiz, eta horrek auzoko denda txikiei zuzenean eragiten diela uste dut”.
Maialen Usabiaga (Hondarribia)
“Nik Hondarribian ez dut asko erosten, supermerkatuan bakarrik. Arropa Internet bidez eta Donostiako Erdialdean erosten dut. Hondarribian badaude denda txikiak, adibidez, nire etxe azpian janari-denda bat dago, baita harategia ere. Betiko dendak ere badaude, adibidez, zumezko gauzak egiten dituzten bat. Baina horiek, betikoak izan arren, gaur egun turistentzat dira gehiago”.
Iratxe Urtxuegia (Pasai Antxo)
“Pasai Antxon bizi naiz, eta han denetarik erosteko aukera dago, arropa izan ezik. Ni supermerkatuetara joaten naiz erostera baina betiko dendak ere badaude: arrandegiak, harategiak, lorategiak, fruta-dendak, eta abar. Arropa erosteko Donostiara joan behar izaten dugu gurean aukerarik ez dagoelako. Hala ere, atentzioa eman dit duela gutxi azkazalak txukuntzeko Antxon ireki duten denda handi batek”.
Amaia El Busto (Marrutxipi)
“Batzuetan Marrutxipin bizi naiz, eta beste batzuetan, Arrasaten; baina Egiakoa naiz. Marrutxipin ez dago dendarik, eta asko gustatzen zait Grosera eta Erdialdera joatea. Grosen asko gustatzen zaizkit denda txikiak, batez ere dekorazioko dendak. Orokorrean oso produktu homogeneoak eskaintzen dituzten dendak daude hirian, eta nik diseinatzaileen denda txikietara joatea gustuko dut, bitxiak eta gauza bereziak saltzen dituztenak”.
Edurne Andonegi (Gros)
“Grosen bizi naiz duela 30 urte, eta nire etxean senarrak egiten ditu erosketak auzoko dendetan. Gainerako erosketak nik erosten ditut, esaterako, lurrin dendako produktuak, eta horiek, normalean, Grosen erosten ditut. Azkenaldian, saltoki asko ixten ari dira auzoan, baina segituan irekitzen dituzte berriro ere. Dendak egoteak asko girotzen du auzo bat, eta bizilagunen artean elkarrizketak bultzatzen ditu”.
Lourdes Aranburu (Gros)
“Nik familia handia daukat, eta normalean elikagaiak Grosen erosten ditugu. Arropak batzuetan auzoan erosten ditugu baita ere, baina normalean, Erdialdera joaten gara. Betiko dendak asko baloratzen ditut eta, esaterako, Parte Zaharreko Galparsoro okindegia asko gustatzen zait. Orain Internet bidez ogia erosteko aukera jarri dute, baina nik ez dut oraindik probatu. Hara joaten naiz erostera”.