Kristina Enea Fundazioak hamar urte bete ditu
Kristina Enea Fundazioaren hamargarren urteurrena ospatzeko ospatzeko urte osoan zehar hainbat jarduera "berezi" antolatuko ditu fundazioak.
Aurtengo abenduaren 14ean egingo ditu hamar urte Kristina Enea Fundazioak. Hori ospatzeko 2019 urte osoan zehar hainbat jarduera “berezi” antolatuko ditu fundazioak, bere ohiko programazioaz gainera; 2019ko abenduaren 14an emango diete amaiera ospakizunei. Gaur aurkeztu dute udaletxean hamargarren urteurreneko egitaraua, eta han izan dira Txema Hernandez Kristina Enea Fundazioko zuzendaria, eta Eneko Goia alkate eta fundazioko presidenteak. Haiekin batera, aurkezpenean parte hartu du Fito Raba Maria Kristina hoteleko tabernako arduraduna eta koktel egileak, eta fundazioari eskainitako koktel berezi bat prestatu du, opari gisa.
2009ko abenduaren 14ean ekin zion ofizialki bere bideari fundazioak, eta Goiak “hiriaren natur ondarea ezagutarazteko, balioan jartzeko, hobetzeko eta zabaltzeko fundazioak egiten duen lana goraipatu du. “Lan intentsua egin da urte hauetan eta lorpen handiena da hiriko jende askorengana iritsi izana”, gaineratu du. Azken hamarkadan 370.000 lagun inguruk hartu dute parte Kristina Enea Fundazioak antolatutako jardueretan. Goiak gogoratu du fundazioak Egiako Kristina Enea Ingurumen Baliabideen etxeaz gain, Ulia mendiko Interpretazio Zentroa eta urgulleko Gobernadorearen Baterian dagoen Natur Txokoa ere kudeatzen dituela.
Hiru udal-ekipamendu horietatik azken hamarkadan 226.000 lagun baino gehiago pasa direla azaldu du Hernandezek. Era berean, zifra horri Hezkuntza Eskaintzetan parte hartu duten ikasle kopurua batu behar zaiola esan du (110.000 ikasle Kristina Enean, 12.000 Ulian eta 20.000 ikasteetxetan bertan egin diren proiektuetan). Guztira, 370.00 inguru izan dira. Aipatutako hiru ekipamenduez gain, fundazioak bi behatoki ere kudeatzen ditu: Iraunkortasunaren Behatokia eta Bizikletaren Behatokia. Hernandezek adierazi du kopuru horrek argi uzten duela “ingurumen kontzientziazioaren esparruan Kristina Enea Fundazioa erreferente” izatera iritsi dela, “bai hirian, baita Gipuzkoan ere”.
Datuei begira, Goia eta Hernandez gustura agertu dira, baina, ez dute ahaztu nahi izan datozen urteetan ere erronka eta egitasmo berriak izango dituela fuendazioak. “Aurtengo urtea mugarria izango da fundazioarentzat, orain arte eginiko lanaren eta ibilbidearen inguruan hausnartzeko garaia; baina gure begirada jada datozen hilabeteetan eta urteetan finkatua dugu, ez dugu orain arte sorturiko inertzia galdu nahi. Ingurumenarekin jasangarriagoak eta adeitsuagoak diren ereduetara jauzi egiteko aukerak eta alternatibak eskaini nahi dizkiogu gizarteari aurrerantzean ere”, adierazi du Hernandezek.
‘Hamar urte, hamar opari’
Hernandezek esan du: “hamargarren urteurrena aitzakia bat izango da orain arte gurekin egon direnei eskerrak emateko. Horregatik, gure eguneroko lana eta betebeharrak alde batera utzi gabe, lau kolektibo zehatzekin ospatu nahi dugu urtemuga hau: ikastetxeekin, orain arte izan ditugun kolaboratzaileekin, instituzio eta erakundeetako ordezkariekin, eta publiko orokorrarekin”. Azaldu du hamar urte horietan ikastetxe publikoekin lankidetza lehentasunetako bat izan dela. “Horregatik zehatzen dira urteko ikasleei eskainitako Hezkuntza Eskaintzak”, gaineratu du. Esker ona adierazteko, Egiako parkeko ikurretako bat den Gingko biloba zuhaitzaren zuhaixka bana oparituko zaio parte hartzen duen ikastetxe bakoitzari.
Era berean, azken hamarkadan fundazioarekin kolaboratu duten elkarte eta eragileekin festa bat egingo dute ekainaren 21ean Egiako parkean. “Helburua da denon artean ondo pasatzea, musikaren laguntzarekin, denon arteko loturak, harremanak eta bizitako esperientziak gogoratzen ditugun bitartean. Musika talde batek zuzenean eskainitako emanaldiak lagunduta, giro atseginean ospatuko dugu kolaboratzaileekin urtemuga”. Bestalde, fundazioaren ibilbidean zehar udalean izan diren ordezkariekin eta patronatoan izan diren kideekin festa instituzionala egingo dute abenduaren 14an. Gainera, herritarrei begirako eskaintza ere antolatu nahi izan dute, izan ere, Hernandezek jakinarazi du herritarrek urte hauetan fundazioari egindako opariak itzuli nahi dizkietela haiei orain.
10. urteurrena dela eta, ‘Hamar urte, hamar opari’ kanpaina jarriko dute martxan martxotik abendura arte. Hamar hilabete horietan, fundazioak opari bat jasoko du hiriko aurpegi eta eragile ezagunen aldetik. Hernandezek argitu du opari horiek ez direla fundazioarentzat izango eta herritarrei eskainiko dizkietela, herritar guztiek goza ditzaten. Lehen oparia ezagutzera eman dute aurkezpenean, Maria Kristina hoteleko tabernako arduradunak, Fito Raba koktel egileak, fundazioaren omenez sortutako koktela, hain zuzen. Rabak “parkearekin lotura berezia” sentitzen duela baieztatu du, eta gaineratu du fundazioarentzat sortu duen koktelak “parkearen esentzia” jasotzen duela. Koktel egileak koktela prestatu du aurkezpenean bertan, lima, marakuia zukua, anana zukua, jengibrea, erromeroa eta vodkarekin.
Irudi korporatibo berria
Hamargarren urtemuga aprobetxatu nahi izan dute bere hastapenetatik fundazioak izan duen logotipoari itxura aldatzeko. Horrela, eta orain arteko izaerari uko egin gabe, Egiako parkeko ikur bilakatu diren paumek presentzia nabarmena izaten jarraituko dute fundazioaren logotipo berrituan. Erabat irudi berria egin ordez, logotipoaren berregokitzapena egin dute, forma eta lerro soil eta sinpleagoak erabiliz, “garai berrietara eta egungo diseinu irizpideetara egokitzeko”, besteak beste irudia sinplifikatuz eta kolore bakarra erabiliz. 2019. urtean, gainera, logotipoak urtemuga ospatzen ari garela gogoratuko duen 10 zenbakia izango du aplikazio guztietan.