"Niretzako izugarrizko zortea eta arrakasta da egiten dudan musika Donostiatik egin ahal izatea "
Euskal Herrian eta nazioartean jotzen dabil astero Mikel Azpiroz jazz piano-jotzaile donostiarra. Hirian harrapatzea lortu dugu oraingoan, eta Nestor tabernan hartu dugu bermuta berarekin, ia tortilla gabe gelditu bagara ere.
Zergatik aukeratu duzu Nestor taberna?
Gustuko dudan leku bat da. Parte Zaharrean dagoelako, baina, batez ere, Nestor eta Tito anaien gertutasunagatik eta goxotasunagatik. Jende alaia, langilea eta goxoa da. Ez dakit zenbat urte daramatzaten hemen, baina ostalaritzako artisau batzuen moduan ikusten ditut. Izan ere, arrakasta handia duen taberna bat da, baina beraiek hemen jarraitzen dute eguerdi eta gau, beraien gertutasuna eskaintzen. Ez daukate karta zabal bat, baina daukaten guztia oso ona da. Horregatik gustatzen zait, benetako leku bat delako.
Donostian zaudenean hona etortzeko ohitura duzu?
Aspaldi ez naiz etorri, etorri naitekeen bakoitzean jendez beteta egoten delako. Baina, duela 15 bat urte, Matt Harding-ekin eta beste musikari batzuekin Altxerrin tabernan asko jotzen nuenean, garaiko Altxerriko nagusi Alvaro Suarezek Nestorrera ekartzen gintuen afaltzera. Bere filosofia zen garrantzitsua zela jo aurretik musikariek ondo afaltzea, eta arrazoi guztia zuen.
Nondik ibiltzen zara orduan hirian zaudenean?
Donostian nagoenean etxeko bizitza egiten dut gehienbat. Hiritik kanpo asko egoten naizenez, hemen nagoenean ikasteko, lan egiteko eta familiarekin egoteko aprobetxatzen dut. Lehen asko ibiltzen nintzen Parte Zaharrean.
Nondik ibili zara jotzen azkenaldian?
Azken 12 hilabeteetan asko mugitu naiz: Nashvillen (AEBak) ibili ginen diskoa grabatzen [Travellin Brothers taldearekin], Txinan jotzen, Suedian, Frantzian, Espainiako leku askotan… Aurreko asteburuan Huescan eta Bartzelonan jo genuen, asteburu honetan Euskal Herrian joko dugu, hemendik bi astera Norvegiara eta Suitzara goaz, apirilean Alemaniara…
Nolakoak izan ziren zure lehen urteak musikari gisa?
16 urterekin hasi nintzen, Amerikako Estatu Batuetan. Utah estatuan ikasten ari nintzela, Matt Harding musikaria ezagutu nuen. Hango institutuan The Jailbirds taldea sortu genuen, eta hori izan zen nire lehen taldea. Handik itzuli nintzenean, 18 urte nituela, Blues Stop taldeko Txenan Calvo eta Alvaro Gabiria ezagutu nituen, eta haiekin hasi nintzen La Gatera tabernan jotzen, 1990. edo 1991. urtean. Haiek izan ziren nire hastapenak musikaren munduan.
Blues Stop-en ondoren Lau Behi taldea sortu zenuten, eta arrakasta izan zenuten.
Bai, asko jotzen genuen. Orduan Donostian eszena bat bazegoen, Be Bop, Etxekalte, Altxerri eta La Gatera tabernekin, besteak beste, eta hiru edo lau eguneko aste bukaerak egiten genituen askotan.
Eszena hori aldatu da gaur egun?
Egia esan, ez dut Donostiako eszena asko kontrolatzen, kanpoan asko ibiltzen naizelako, eta hemen nagoenean ez dudalako kontzertu askotara joateko astirik izaten. Baina, azkenaldian sumatzen ari naiz berriro eszena bat sortzen ari dela, eta musikari asko dabiltzala inguruan jotzen.
Ondo zabiltzate orain Elkano Browning Cream-ekin.
Bai, oraindik ez da urtebete pasa Bor Bor diskoa argitaratu genuenetik, eta oso ibilbide polita egiten ari gara. 2018ko Musika Bulegoak sarietako bat eman ziguten, eta orain Espainiako Musika Independentearen MIN sarietarako hautatu gaituzte jazz album onenaren sailean. Pozik gaude horraino iritsi izanagatik, gurea benetan modu independentean ekoiztutako disko bat baita.
Hala ere, beste hainbat musikarirekin ere lan egiten ari zara.
Bai, Travellin Brothers taldearekin, Elena Setienekin, Jabier Muguruzarekin… Ez naiz gelditzen, egia esan. Batzuetan hain inspiratua ez zauden garaiak egoten dira, eta indarrarekin zauden garai hauek aprobetxatu behar dituzu.
Zer iritzi duzu Donostiako jaialdien inguruan?
Jazzaldia gure naturarekin datorren zerbait da. Ez dut gogoratzen noiz jabetu nintzen Jazzaldiaz, baina oso txikia nintzela, 9 edo 10 urterekin jada kontzertuetara eramaten ninduten. Miles Davis, Ray Charles eta Art Blakey bezalako jazz musikari mitikoak ikusteko aukera eman dit, eta, ondoren, baita han jotzekoa ere. Horregatik, Jazzaldia nire jaialdi gustukoenetako bat dela esango nuke. Bestalde, asko gozatzen dut Jazzaldi garaian Donostian bizitzea; eguraldi onarekin, askotariko musika proposamenekin… Izugarri gustatzen zait, eta jotzen baldin badut, are gehiago.
Mojo Workin jaialdia ere izugarrizkoa iruditzen zait. Izan ere, pertsona gutxi batzuen ekimenez sortutako jaialdiak dira, musika ona dutenak eta jendearen erantzun ona jasotzen dutenak. Eskerrak horrelako jendea dagoen Donostian: Mojo Workinekoak, Bukowskikoak, Dabadabakoak…
Ez zara Mojo Workinera joango asteburuan ezta? Euskal Herritik jotzen ibiliko baldin bazara…
Hala da, bai. Asteartean aritu nintzen egitaraua begiratzen hain justu, eta kanpoan egongo naiz egun guztietan, pena bat da.
Nolakoak dira zure lanegunak?
Nire lanak bi atal ditu, kudeaketarena eta sorkuntzarena. Kudeaketak denbora asko kentzen dit: kontzertuak bilatzea, jendeari idaztea… Baina bi atal horiek ondo bereizten ahalegintzen naiz. Izan ere, oreka mantendu behar da makineriak funtzionatzeko, nahiz eta batzuetan ez den erraza.
Zer helburu eta proiektu dituzu etorkizunerako?
Proiektu propioei dagokienez, Gaua eta Zuri bakarkako piano diskoak argitaratu nituen, eta horrelako beste bat argitaratuko dut hemendik hilabete batzuetara. Gainera, Elkano Browning Cream-ekin ere disko berri bat egin nahi dut. Elkarlan modura, hemendik hilabete batzuetara Jabier Muguruzaren disko bat grabatu eta ekoiztuko dut
Nire helburua da bidea egiten jarraitzea, ez daukat arrakastatsua sentiaraziko nindukeen helbururik. Niretzako izugarrizko zortea eta arrakasta da hau egin ahal izatea, hau da, egiten dudan musika Donostiatik egin ahal izatea. Neure burua gazte baten energiarekin sentitzen dut, eta, aldi berean, urteek eman didaten esperientziarekin. Beraz, sorkuntzarekin jarraitzeko garai polit batean nagoela uste dut.
HAMABIETAN BERMUTA: Kola freskagarria eta tortilla pintxoa.
Non: Nestor taberna; Arrandegi kalea, 11 (Parte Zaharra).
Prezioa: 4,40 euro.