Udaberriko lasterketa egingo dute larunbatean
XVII. Udaberriko lasterketa egingo dute igandean Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Donostiarrak Atletismo Taldeak antolatuta. Hamar kilometro izango ditu lasterketak, eta 10:00etan aterako dira korrikalariak Antiguako Elhuyar plazatik. Erdialdetik, Grosetik eta Parte Zaharretik pasa ondoren, Elhuyar plazara itzuliko dira korrikalariak, lasterketa bukatzeko.
Bi dortsal berezi eskainiko dituzte antolatzaileek, 0 eta 1 dortsalak, hain zuzen. 0 dortsala erakunde humanitarioei eman ohi die urtero antolakuntzak, laguntza ekonomiko batekin batera, erakundearen egitasmo humanitarioa saritzeko. Antolakuntzak, ordea, ez du aurtengo erakundea zein izango den jakinarazi. 1 dortsala ohorezko dortsala da, gizarte arlo desberdinetan nabarmentzen diren gizon eta emakume bati ematen diotena, eta bereziki kirol herrikoiarekiko eta atletismoarekiko interesa agertu duten pertsonei ematen dietena. Aurten, Anne Igartiburu aurkezleari eta Peio Ruiz Cabestany txirrindulari ohiari emango diete 1 dortsala.
Autobus lineetan aldaketak
Hainbat aldaketa egingo dituzte Dbuseko autobus lineetan, lasterketa dela eta: Alde batetik, Zubieta kaleko 14. zenbakiko autobus geltokia zerbitzurik gabe geratuko da, eta autobusak Urbieta 6 geltokian geldituko dira. Bestetik, lasterketa Zurriolatik Nafarroa hiribidera abiatzen denean, autobus guztiak Mirakruz eta Ategorrieta kaleetatik pasako dira. Azkenik, Mirakruz gainara joaten diren autobusak Galtzara Nagusitik eta Kolon kaletik helduko dira euren azken geltokietara.