Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, batzera deitu dute
Intxaurrondo Gazte Asanbladak auzoko etxe huts bat okupatu zuen. Duela hilabete, ordea, kanporatu egin dituzte, “desalojo bortitz baten mehatxupean”. Intxaurrondo kaleko 32. zenbakiko eraikina okupatu zuten. Elizarena da, eta 2.000 metro karratuko lursail batean dago. Auzoko gazteek jakinarazi dutenaren arabera, etxea hamar urte baino gehiagoz egon da hutsik.
Gertatutakoaren berri eman dute, jendeak jakin dezan zer gertatu den, eta horregatik ekin diote mobilizazioei. Atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten auzoan. Intxaurrondoko Renfeko geltokitik abiatuta, protesta egin zuten okupazioaren aldeko aldarria zabaltzeko. Salatu dute elizaren jarrera eta baita alderdi “burges eta kapitalistena”, okupazioaren aldeko mugimenduaren dinamikak oztopatzen dituztelako.
Gazte asanbladako kide batek hartu du hitza manifestazioaren bukaeran. Azpimarratu du eurena ez dela kasu isolatu bat: “Donostian aspaldikoa da arazoa da etxebizitzarena. Jendeak poltsikoak betetzen ditu etxebizitza merkantzia moduan erabiltzen dituelako. 11.000 etxe inguru omen daude hutsik, baina oraindik eraikitzen jarraitzen dute. Geroz eta zailagoa da Donostian etxebizitza bat lortzea. Bi lan edo hiru lortu behar ditugu edozein baldintzatan. Gure gune naturaletatik joan behar dugu, beste auzo batzuetara, etxe bat lortzeko”.
Okupazioa alternatiba bat baldin bada ere, zaila dela eta antolatzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Gainera, duela gutxi Donostian, Infernuan, gertatutakoa izan du gogoan: “Errepresioaz gain, beste hainbat zailtasun ekartzen ditu okupazioak, beste arrisku batzuke ere baditu. Infernuan okupatutako eraikin horretan bizilagun bat hil da prekarietate bortitzarengatik. Biolentzia estruktural bat da”.
Gainera, salatu dute oso azkar kanporatu dituztela, eta ez dutela aukerarik izan negoziatzeko edo helegiterik jartzeko. Bestalde, ohartarazi dute legedia berri batek okupazioa zailtzen duela, eta denek elkarrekin egin behar diotela aurre: “Krisia dela eta okupazioa areagotu egin da, eta okupazioari trabak jartzeko abian jarri dute legedia berria. Autogestioaren mugimenduarentzako garrantzitsua da denok elkarrekin egitea aurre. Gure esfortzuak biderkatu behar ditugu. Poltsikoak betetzen ari diren horiei aurre egiteko elkartu behar dugu”.