Donostiako greba feministaren balorazioa egiteko bilera irekia deitu dute
Hamar egun pasa dira martxoaren 8an milaka emakumek, transek eta bollerek greba feminista egin zutenetik. Donostian kaleak hartu zituzten milaka feministek, eta egindako lana eta grebaren emaitza baloratzeko, asanblada irekia deitu du Donostiako mugimendu feministak datorren asterako, hain zuzen, martxoaren 28rako. Bilera egingo dute Emakumeen Etxean, 18:30ean, eta mugimenduak sare sozialen bidez jakinarazi duenaren arabera, “zertan asmatu” duten eta “zer hobetu” daitekeen aztertuko dute.
Hiriko feminista guztiak asanbladan parte hartzera animatu dituzte, “kontakizun kolektiboa eraikitzen” jarraitzeko. “Zu barik ez dago. Bakarrik ezin da, lagunekin bai”, gaineratu dute, eta nabarmendu dute greba “ariketa kolektiboa” izan zenez, balorazioa ere kolektiboki egin nahi dutela.