'Patria' liburuan oinarritutako telesailaren grabaketa hasiko dute
AEBtako HBO ekoiztetxeak Fernando Aranbururen Patria eleberrian oinarritutako telesaila egingo du, Elena Irureta eta Ane Gabarain aktoreak protagonista gisa hartuta. Aktoreen zerrenda itxi ostean, Aitor Gabilondok ekoiztutako telesailaren grabaketa datorren hastean hasiko da, Donostian eta Soraluzen. Gainera, Elgoibarren eta Madrilen ere grabatuko dutela jakinarazi dute.
Espainiako HBO-k komunikatu batean jakinarazi duenez Irureta eta Gabarainekin batera arituko dira Loreto Mauleon, Susana Abaitua, Mikel Laskurain, Jose Ramon Soroiz, Eneko Sagardoy, Iñigo Aranbarri eta Jon Olivares, kontakizunaren protagonistak diren bi familietako kideak antzezten. Soroiz Txato izango da, eta Iruretak bere emaztearen papera egingo du, Bittorirena, hain zuzen. Nerea eta Xabier bikotearen seme-alabak izango dira Aranbarri eta Abaitua. Beste familiaren amaren papera, Mirenen papera, Gabarainek egingo du, eta haren senar Joxianen papera Laskurainek egingo du. Senar-emazteen hiru seme-alabak izango dira Olivares (Joxe Mari), Mauleon (Arantxa) eta Sagardoy (Gorka).
Talde teknikoa ere zehaztu dute, eta zuzendari lanetan arituko dira Felix Biskarret eta Oscar Pedraza. Argazkilaritzaren arduraduna izango da Alvaro Gutierrez, eta hiru Goya sari irabazi dituen Clara Bilbao arduratuko da jantzigintzaz. Juan Pedro de Gaspar arituko da ekoizpen-diseinu lanetan, eta Karmele Soler eta Sergio Perez Berbel, hurrenez hurren, ibiliko dira ile-apainketan eta makillajean.