Sara Mansillak bere lehen diskoa argitaratu du
Sara Mansilla musikari donostiarrak Talking to the wall diskoa argitaratu du, urtarrilean argitaratutako single-aren izen bereko diskoa. Bere lehen lan luzea da, eta Pablo Costas piano-jotzailearekin, Daniel Vallejo baxu-jotzailearekin eta Ander Alonso bateria-jotzailearekin batera grabatu du.
Mansillak azaldu duenez, berak idatzitako hamar abesti ditu diskoak, pop, funk eta bossa nova estiloen ingurukoak. Aipatutako musikariez gain, Mansillak berak abesten du diskoan, eta abesti batzuetan gitarra akustikoa ere jotzen du.
Bestalde, diskoaren aurkezpena ekainaren 9an Viktoria Eugeniako Klub aretoan egingo badute ere, Mansillarekin sare sozialetatik harremanetan jarrita diskoa eskuratu daiteke, eta hilaren 22an denda fisikoetan ere salgai egongo da. Plataforma digitaletan ere entzungai dago joan den ostiraletik.