Donostia Antzerki Sariaren atzean, lan gatazka bat dagoela diote antzezlan sarituaren aktoreek
Vaiven konpainiaren Sherezade eta tipularen azalak antzezlana ez da berriz taularatuko, Donostia Antzerki Saria jaso arren. Pasa den ostiralean eman zuten irabazlearen berri Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak. Aurkezpenean Ana Pimenta Vaiveneko kideak adierazi zuen ezin izango dutela berriz ere eskaini, ekoizpena bukatutzat eman dutelako.
Antzezlaneko hiru aktoreen bertsioa beste bat da. Iraia Elias, Miren Tirapu eta Xabi San Sebastian aktoreek ohar bidez adierazi dutenez, prest agertu dira obra berriz eskaintzeko, baina ez da posible izan “lan gatazka baten” ondorioz. “Lan baldintzen gatazkarekin arrastaka ibili gara antzezlanak izan duen ibilbide osoan. Gure lana ez da ekonomikoki baloratua izan eta tamalez ez dira lan baldintza minimoak bete”, azpimarratu ute.
Sariaren berri izaterakoan, hiru aktoreak negoziazio berri bat bultzatzen saiatu ziren. “Ordura arte jasotako tratuari buelta eman eta emanaldia duintasunez egin ahal izateko itxaropena genuen”. Baina ez da posible izan eta triste daude konpainiarekin ez direlako adostasun batera iritsi.
Horrez gain, adierazi dute antzezlanaren euskarazko bertsioa prestatzeko denbora gutxi izan zutela. “Ez da batere samurra izan denbora tarte oso txikian eta behar bezala entseatzeko arazoekin euskarazko bertsio fresko, ulergarri eta irisgarri bat egitea. Zentzu horretan, aktore taldeak itzultzailearekin egin dugun lanarekin oso harro gaude, eta nahiz eta konpainiak erdarazko bertsioaren aldean euskarazko gutxi saldu dituen, plazer hutsa izan da guretzat euskal bertsioa taularatzea”.
Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Aitziber Garmendia aktoreak zuzenduko du ekitaldia. Ondoren, Axut! konpainiaren Zazpi Senideko antzezlana eskainiko da, bigarren sailkatu den lana.