Donostian Bertsotan egitasmoa jarriko dute martxan
Martxoan eta apirilean zehar hainbat bertso saio antolatu dituzte Donostian. Donostiako hainbat bertsozalek sortu dute egitasmoa, eta gonbidapena luzatu diete bertsotan aritzen diren donostiarrei, eta baita hirian bizi eta bertsotan aritzen diren beste hainbati. Egitasmoak harrera ona izan duela jakinarazi dute antolatzaileek, eta 19 pertsonak hartuko dute parte bertso saioetan. Lehen saioa ostegunean, martxoaren 21ean, izango da, Amarako La Bodeguilla tabernan; gainerakoak Aieten, Igeldon eta Añorgan izango dira.
Bi arrazoi nagusik eraman dituzte antolatzaileak egitasmoa sortzera: azken aldian Donostiako bertso mugimenduak izan duen gorakada, batetik; eta maiatzean izango den Gipuzkoa Bertsotan 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasean izena eman duen donostiarren kopuru handia, bestetik. Egitasmoaren barruan, bi jarduera antolatu dituzte, girotze saioak eta bertso eguna.
Antolatzaileek hiru helburu nagusi zehaztu dituzte. Alde batetik, Donostian, bertsoaren inguruan aritzen direnak elkar ezagutzea: “Nukleo ezberdinetan eta askotan, elkarren berri izan gabe bertsoaren inguruan aritzen garenok elkar ezagutu, besteak beste, ezagutza horretatik etorkizuneko proiektu eta egitasmoei bide egiteko”. Bestetik, Donostiako bertsolaritzaren indar erakustaldia egitea: “Donostiatik kanpo eta Donostian bertan dagoen irudia gainditzeko asmoz, hiriari bertako bertsolaritzaren egoera ezagutarazi. Donostian bertsotan aritzen garen eta bertsoaren inguruan aritzen garenon kopurua eta egokitasuna bertako bertsozaleei, eta, zergatik ez, saio ezberdinetako antolatzaileei erakutsi”. Azkenik, Donostiar eta Donostiako bertsolariei plazak eskaintzea: “Gipuzkoako Txapelketaren atarian, edo bestela, plazan aritzeko gogoa duten bertsolariei plazak eskaini, jendaurrean trebatzeko aukera emanez”.
Girotze saioei dagokionez, Donostiako hainbat auzotan lauzpabost bertsolariko lau saio antolatu dituzte. Saio hauek saio arrunten formatua izango dute, ez txapelketako egitura zurruna, eta ez dute sailkapen edo inolako puntuazio motarik izango. Ondorengoak dira antolatu dituzten saioak:
Martxoak 21, 20:00
Amarako La Bodeguilla tabernan
Beñat Mujika
Miren Artetxe
Peru Aiartza
Xabier Zufiria
Aitor Etxeberriazarraga
Gai jartzailea: Unai Elizasu
Martxoak 23, 19:30
Aieteko Saint Etienne taberna
Asier Azpiroz
Imanol Lizarazu “Habana”
Maddi Gallastegi
Asier Ibarguren
Manex Mujika
Gai jartzailea: Gorka Segurola
Martxoak 24, 18:30
Igeldoko Txapela Tabernan
Beñat Gaztelumendi
Izarne Zelaia
Gorka Etxeberria
Aitor Larreta
Antton Fernandez
Gai jartzailea: Jokin Labayen
Martxoak 29, 22:00
Añorgako Jolas Etxean
Unai Gaztelumendi
Nerea Elustondo
Itxaso Piquer
Pello Basurto
Gai jartzailea: Lotzeko