Heriotza plazara ateratzeko jarduera ugari antolatu ditu San Telmo museoak
San Telmo Museoak erakusketa berria inauguratu zuen joan den astean: Heriotza. Ante la muerte. Museoak antolatu eta ekoiztutako proiektua da, eta Deustuko Unibertsitateko Jose Angel Achon katedradunarekin batera komisariatutakoa. Erakusketa maiatzaren 26ra egongo da zabalik, eta bere helburua publikoa “heriotzaren fenomenora gerturatzea” da; zehatzago esanda, “gizakiak heriotzari aurre egiteko dituen eta eduki dituen moduetara hurreratzea”. San Telmo Museoak tabua den gai baten inguruan hausnarketa egitera bultzatu nahi ditu herritarrak.
Erakusketak agerian jartzen ditu heriotzaren inguruko kultura materialen aniztasun eta aberastasuna, eta garai eta toki guztietako gizakiontzat zenbaterainoko garrantzia duen azaltzen du. Era berean, heriotza ulertzeko eta hari aurre egiteko hainbat moduren berri ematen du. Erakusketa sei ataletan antolatuta dago, gizakiak heriotzaren aurrean izan dituen eta dituen jarrerak kontuan hartzen dituztenak: Irudikatu, Beldurra, Errituala, Zentzua bilatzea, Heriotzatik itzultzea, Utopiak.
Erakusketarekin batera, jarduera programazio zabala prestatu du museoak, gaiaren alderdi ezberdinei heltzeko aukera emango dutenak; besteak beste, hainbat hitzaldi, mahai-inguru, tailer, publiko desberdinei zuzendutakoak. Programazio hau egiteko elkarte eta adituen lankidetza izan du museoak.
Programazioaren barruan daude ere ohiko bisita gidatu programatuak. Martxoaren 16tik aurrera (martxoaren 19an izan ezik) asteartero eta larunbatero erakusketa gida batekin ikusteko aukera izango da, 11:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Bisita gidatu hauetarako sarrera doakoa da erakusketarako sarrera erosita.