Argala eta Gizena lagunak ziren
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘STAN & OLLIE’
Zuzendaria: John S. Baird
Urtea: 2018
Herrialdea: Erresuma Batua, Kanada, AEBak
XX. mendeko 20ko, 30eko eta 40ko hamarkadak hoberenak izan ziren zinema komikoarentzako, generoaren oinarriak ezarri baitziren orduan. Garaikoak ditugu Charlie Chaplin, Buster Keaton, Harold Lloyd, Marx anaiak edo zinemaren historian ezagunena den bikotea: Laurel eta Hardy. Hortik aurrera azaldu diren guztiek aipatu berri ditudanetan dute jatorri eta etorria: Jacques Tati, Peter Sellers, Jerry Lewis, Toto, Abbott eta Costello, Cantinflas, eta abar amaigabea. Gaur egungo mundu bizkor eta estresagarria jasateko antidoto egokia da komiko zahar horien filmak ikustea. Buñueli buruz Jean-Claude Carriere idazlearen esanei egoki deritzet hemen: «Egun bat barre egin gabe, egun galdua da». Amen.
Estreinatu berri den Stan & Ollie filmak Argala eta Gizena gisa ezagutzen ditugun bikotearen azken urteak erakusten dizkigu, bikote komikoa gainbeheran zebilenean, eta film berri bat ekoizteko ere zailtasunak topatzen zituztenean. Dirua irabazi eta lanean jarraitzeko, bira bat egin zuten 1953an Erresuma Batuko eta Irlandako hainbat antzokitatik, ospetsu egin zien saioa taularatuz. Hortaz, Stan & Ollie biopic bat da; baina ez da, adibidez, Chaplinek 1992an izan zuena bezalakoa, ez baitu bikotearen bizitza guztia aurkezten.
Horrelako filmeen aurrean zuhur agertu ohi naiz, zaila izaten baitute pertsonaia ospetsu eta jada mitiko bihurtu diren horiek berreraikitzea (ikusi, bestela, Bohemian Rhapsody filmaren kasua). Dena den, egungo ezaugarrietako bat hauxe dugu, aspaldiko sortzaileetara hurbiltzeko bidea berregitea, jatorria hartuz eta gurera moldatuz. Laurel eta Hardyrekin horrelako zerbait gertatu da interneteko garaian. Orain dela gutxi, bikote komikoaren Way Out West (1937) filmaren eszena gogoangarriena biral bihurtu zen bideo manipulatuei esker. Gutxi izango dira dantza barregarriaren bideotxoa ikusi ez dutenak, hori bai, bat etortzen ez diren zernahi musikarekin.
Aipatu berri dugun eszenaren prestakuntzarekin hasten da Stan & Ollie filma, plano sekuentzia luze batekin, kredituak azaltzen diren bitartean; zinema areto batekin lotu egiten dute gero, non eszena ikusten den bitartean jendea barrez lehertzen ari den. Bikotea une gorenean zegoen, baina, 40ko hamarkadan, beraien izarra agortzen joan zen, azken filma 1951koa izanik: Atoll K.
Garai horri heltzen dio Stan & Olliek, eta Erresuma Batutik egindako bira hori aitzakia hartuta, bikoteak zituen gorabeherak erakusten dizkigu. Antzokiz antzoki bidaiatuz (bakoitzaren emazteak ere elkartuko zaizkie), noizbehinka iraganaren oihartzunak helduko dira. Esaterako, Hal Roach ekoizleak nola ustiatzen zituen, eta nola horrek bikoteak jasan zuen krisirik larriena bideratu zuen: 1939an Roachek Stan Laurel asaldatua kaleratu zuen, baina Oliver Hardy kontratupean zegoenez film bat egin zuen, Zenobia, oraingoan ekoizleak proposatutako bikote desberdin batekin, Harry Langdon. Baina publikoak Laurel eta Hardy ikusi nahi zituenez, berriro elkartu ziren. Hala ere, Laurelek ez zion Hardyri barkatu gertaturikoa, eta tirabira hauek dira filmean unerik dramatikoenak bideratzen dituztenak.
Stan & Ollie filmatzeko bi aktore bikain aukeratu dituzte: Steve Coogan eta Tom C. Reilly, argala eta gizena gisa, hurrenez hurren. Cooganen eta Reillyren imitazio dohaina ona zela banekien, baina benetan, egin dutena gaindiezina iruditzen zait. Filmaren osagairik onena dira aktoreak.
Stan & Ollie ez da zinearen historiara pasako, baina Laurel eta Hardyren filmetara gerturatzeko baliagarri bada, ez da gutxi.
*Gomendioa: The Music Box (1932).