"Askok uste dute euren senideak hilerrian daudela, baina euren lekuan ez dago inor"
Xabier Apaolaza, Oroimen Historikoaren Kontseiluko presidenteordea, eta Pilar Pingarron eta Felix Soto, Genozidioaren Biktimen Elkarteko presidentea eta presidente ordea, 124 hildakoen zerrendarekin. (Argazkia: Iñaki Agirre) Erorien Haranean Donostiako hilerritik lapurturiko 124 hilkutxa daudela salatu zuen aurreko astean Genozidioaren Biktimen Elkarteak. Bere kideek Erorien Haraneko Abadiako artxibotik berreskuratu dute zerrenda, eta 1959 eta 1963 urteen artean hilerritik ateratako gorpuak euren jatorrizko lekura bueltatzea exijitu dute. Jasotako informazioa udalari helarazi diote, hildakoen senideekin harremanetan jarri dadin, eta gorpuzkien berreskuratze prozesua abiatu dezan: “Herritar askok uste dute euren senideak hilerrian daudela, baina euren lekuan ez dago inor”.
IRUTXULOKO HITZA Genozidioaren Biktimen Elkartearekin elkartu da gorpuzkien lapurretari buruz hitz egiteko. Erreportaje osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.


