Benta Berriko familia baten etxegabetzea gelditzea lortu dute
Stop Kaleratzeak plataformak gaur goizerako deitu duen elkarretaratzean eman dute albistearen berri. Ostiral honetarako aginduta zegoen Benta Berriko familia bat etxegabetzeko ordena gelditzea lortu dutela jakinarazi dute plataformakoek, Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egin duten agerraldi publikoan. Bea Landak, bere bikotekide Txominek eta euren bi semek osatutako familia Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxe batean bizi da 1998tik, alokairuan.
Rosa Garcia plataformako bozeramailea pozik agertu da lorpenarekin, eta etxegabetze aginduaren atzean dagoen Testa Residencial-Socimik Donostiako 2. epaitegian etxegabetze aginduaren etendura aurkeztu duela jakinarazi du. Hortaz, Bea eta Txominen familiak Benta berriko etxean jarraitu ahalko du. Hala ere, Garciak ohartarazi du etxegabetzea oraindik ez dagoela “guztiz etenda”, izan ere, Tesa-Residencial-Socimik ez du etxegabetze aginduaren “kentze eskaera” egin, “etendura eskaera” baizik.
Plataformak jakinarazi duenez, familiak ezin izan izan zien aurre egin alokairuaren 778,02 euroko bost kuotari 2018an, izan ere, aita bajan egon da sei hilabetez, soldataren %60a kobratzen, eta kaleratu egin dute. Familiak abokatuaren eta prokuradorearen bitartez zor zituen kuota guztiak ordaindu dituela jakinarazi dute, eta egun kontuak baina zegokion epean ordaindu ez zituztenez, astelehen arratsaldera arte (orduan aurkeztu zuen enpresak etxegabetze aginduaren etendura eskaera), familia etxegabetze arriskuan zegoen. Orain, familiari kostu judizialak ordaintzeko exijitu diete, baina Garciaren arabera “patatekin jango dute eskaera hori”. Landak azaldu du oraindik ez dakitela zenbateko kostua izango den eskatutako.
Era berean, gogorarazi dute Donostia eta Gipuzkoa “etxegabetzerik gabe” aitortuak izan zirela, eta hortaz, jakinarazi dute Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei bitartekari lanak egiteko eskaera egin dietela, Bea eta Txominen familiaren kasua “behin-betiko konpontzeko”.
Marcelino Garcia Euskadiko Stop Kaleratzeak plataformaren bozeramaileak elkartasuna adierazi nahi izan dio atzo Gironan bere buruaz beste egin zuen emakumearen familiari. Etxegabetzeko zorian zegoen emakume baten hilotza aurkitu zuen atzo etxegabetzearen ardura zuten arduradun judizialek.
Benta Berriko babes ofizialeko etxeak
Agerraldian parte hartu dute hiriko hainbat eragiletako ordezkariek, herritar ugarik, baita Stop Kaleratzeak plataformaren Etxegabetzeen aurkako dekalogoa sinatu duten hainbat alderdi politikok, hala nola, Irabazik eta EH Bilduk. Halaber, Bea eta Txominen babes ofizialeko etxearen promozio bereko bizilagunek ere bat egin dute deialdiarekin, familiari elkartasuna adierazi eta egoera salatzeko. Bizilagunek Alokairu izeneko plataforma osatu dute, “haien etxebizitzen egoera defendatzeko”. Adierazi dute kezkatuta daudela, eta beldur direla etorkizunean egoera gehiago okertu daitekeelako. Alokairu plataformaren bozeramailea haserre azaldu da Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin: “Ez dira babes ofizialeko etxebizitzak, babesgabetasun ofizialekoak baizik”. “Ez dakigu nor ordezkatzen duen Eusko Jaurlaritzak, herritarrak ala funts putreak”, kritikatu du.
Familiaren etxearen eta Benta Berriko babes ofizialeko beste hainbat etxeren azalera eskubidea Metrovacesa eta Vallhermoso promotoreei eman zien 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, 75 urterako. 2016an Santander, BBVA, Caixa eta antzeko bankuen aktiboak kudeatzen dituen Testa Residencial-Socimi enpresarekin fusionatu ziren. Egun, Testa Residencial-Socimiren inbertitzaile nagusia Blackstone putre funtsa dela azaldu dute. Bide batez, ohartarazi diete Eusko Jaurlaritzari eta EAEko udalei, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen eskumena duten higiezinen enpresen aldi baterako batasunen (EAB) atzean putre funtsak egon daitezkeela. “Jendeak argi izan behar du putre funtsak ez direla Bartzelonako edo Madrileko kontuak, honaino iritsi dira dagoeneko eta geldiarazi egin behar ditugu”, azpimarratu du Garciak.