Donostia Antzerki Sariaren harira egin dieten akusazioa "erabat bidegabea" dela dio Vaiven konpainiak
Sherezade eta tipularen azalak antzezlanari emango diote Donostia Antzerki Saria martxoaren 27an. Pasa den ostiralean Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak eman zuten horren berri, baina aurkezpenean Ana Pimenta Vaiven antzerki konpainiako kideak adierazi zuen ez zutela berriz eskainiko, ekoizpena bukatutzat eman zutelako.
Obra horretako Iraia Elias, Miren Tirapu eta Xabi San Sebastian aktoreek, ordea, beste bertsio bat eman zuten ohar baten bidez. Oharrean, antzezlana eskaintzen jarraitzeko prest zeudela adierazi zuten aktoreek, eta berriz ez eskaintzearen arrazoia “lan gatazka” bat zela.
Gauzak horrela, Vaiven antzerki konpainiak bere bertsioa eman du ohar baten bitartez. Vaiven konpainiaren arabera, “langileen lan baldintzak eurekin adostu ziren prozesuaren hasieratik” eta “zehaztasunez” eutsi zioten egindako akoridoari. Bestalde, funtzio gehiago lortzeko “bere eskuetan zegoen guztia” egin zuela adierazi du konpainiak, baina “zoritxarrez” obrak ez zuela espero zuten harrera izan. Sariaren berri izan zutenean, antzezlana berriz ere egiteko negoziaketekin hasi zirela azaldu du Vaivenek, baina “guztiz ezinezkoa” izan zela akordio batera iristea, entseguen ordainketaz, bidaia gastuez eta cachet artistikoaz gain, sari ekonomikoaren erdia eskatzen zutelako antzezlaneko langileek, “6.000 euro, alegia”. Azkenik, aktoreek egindako akusazioa “erabat bidegabekoa eta difamaziozkoa” dela esan du konpainiak, eta “kulturarekin” eta “euskararekin” duten konpromisoa nabarmendu dute. Jarraian, Vaiven konpainiaren ohar osoa:
Donostiako VAIVEN antzerki konpainia donostiarra gara. Miren Tirapu, Iraia Elías eta Xabier San Sebastián aktoreek jaurti dituzten akusazio larriak direla eta guk ere zenbait adierazpen egin nahi ditugu. Aipatutako aktoreak enpresa honek kontratatu zituen “Sherezade eta tipularen azalak/Sherezade y las capas de la cebolla” ikuskizuna taularatzeko.
Ondoreango adierazi nahi dugu:
– Ikuskizunaren sortze lana, konpainia honek ohi duenez, Ana Pimenta, bere zuzendariaren jatorrizko ideia batetik abiatu zen. Estreinaldia baino urte bete lehenago, testu egileraekin eta eszenaratze-zuzendariarekin solastu ondoren, obraren nondik norakoak zehaztu eta martxan jarri ziren produkzioaren ohiko mekanismoak: finantzaketaren bilaketa eta kudeaketa, talde artistiko eta teknikoa osatzea, eta ikuskizunaren distribuziorako egin beharreko lanak bira ziurtatze aldera eta, beraz, estreinatu ondorengo bideragarritasuna. Lan haien ondorioz kostu errealaren %50eko finantzaketa lortu zen eta Euskal Herrian barrena 20 bat emanaldi, gutxi gora behera.Langileen lan baldintzak eurekin adostu ziren prozesuaren hasieratik eta zehaztasunez eutsi diogu hitzartutakoari (hor dira lekuko, bi aldeek sinatutako kontratuak eta nominak). Zifrak EAB (Euskal Aktoreen Batasuna) eta ESKENAkoak (Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkartea) diren konpainien artean indarrean dauden lan akordioei lotutakoak izan ziren betiere.
– Entsegu prozesua sakona izan zen, ikuskizunaren nolakotasuna zela eta, baita eszena zuzendariaren lanerako modu berezi zein interesgarria zela eta. Denok hasieratik jakin genuen lan prozesu berezi batean murgiltzen ari ginela eta ahalegin handia eskatuko zuela. Berotasunez onartu zen, profil horretako zuzendari batekin lan egitea sorkuntza eta interpretazioan “master” bat zelako, onura eta aberastasuna konpainiako estamentu guztientzako: produkzioa, talde teknikoa eta talde artistikoa. Hala ere, eta talde artistikoak hala eskatuta, sinatu eta hitzartutako baldintzak berrikusi ziren eta cachetaren igoera bat negoziatu zen birako funtzioen zati baterako.
– Zoritxarrez ikuskizunak ez zuen espero zen harrera izan eta bira 2018ko abuztuan amaitu zen. Konpainiak bere eskuetan zegoen ahalegin guztia egin zuen funtzio gehiago lortzeko
– VAIVEN konpainiak 17 ikuskizun ekoiztu ditu euskaraz 22 urte hauetan, baita musika produkzio zenbait ere hizkuntza berean. Kasu batzuetan, euskal antzerkigintzan gertatu ohi den bezala, euskaraz sortzen dira eta ondoren zutik jartzen da gaztelerako bertsioa, eta beste kasu batzuetan alderantziz egiten da, betiere eta logikoki, egilearen jatorria eta hizkuntza kontutan izaten baita, beste eragile batzuez gain. Gure ikuskizun gehienak euskaraz eta gazteleraz eskeintzen ditugun konpainia guztiak bezala, sobera ezagutzen dugu horrek eskatzen duen ahalegina; ekonomikoki, produkzioaren eremuan eta baita aktore taldeek egiten duten lan artistikoa ere.
– Arruntena izan ohi da 30-40 entsegu egitea ikuskizuna estreinekoz zutik jarriko den hizkuntzan, eta 10 eta 15 bat entsegu inguru itzulitako hizkuntzarako (euskara zein gaztelera izan, bereiztasunik gabe). Aipatzen ari garen funtzioak jaso duen tratamenduagure konpainiak dituen bi hamarkada hauetan gainontzeko ikuskizun guztiek jaso duten berbera izan da. Inguratzen gaituen errealitatearen jakitun gara eta badakigu, jakin ere, konpainia gehienen errealitatearen parametroen barruan mugitzen
ari garela, hutsik egin gabe bai baitakigu, datuak hor baitaude, gogobetez egiten dugula egikera onena izango duen antzerkiaren aldeko apustua, euskaraz zein gazteleraz.
– Pozez jaso genuen sariaren berri ona eta konpainiak talde osoa zoriondu zuen. Ikuskizuna berriz ere irekitzea proposatu genuen funtzio hori egiteko, “Donostia Antzerki Saria” jasotzeko egunekoa. Hori dela eta negoziaketa bat hasi genuen entseguen ordainketarako, bidaia gastuak eta cachet artistikoa adosteko baina guztiz ezinezkoa izan zen, izan ere, eskatu zitzaiguna, aipatutakoez gain eta baldintza ukaezin bezala, sari ekonomikoaren erdia izan zen, alegia, 6.000.-euro. Puntu guztiak onartu zituen konpainiak azkeneko baldintza hori izan ezik, jakina, eta negoziaketak bertan behera gelditu ziren. (Negoziaketa bat hautsitzat ematen denean ezin da esan inork erabakirik hartu duenik, aktore taldeak zehaztasun izpirik gabe adierazi duen bezala).
– Garrantzitsua iruditzen zaigu gogora araztea, sari honen oinarriek dioten bezala, ikuskizunaren produktorari ematen zaiola saria eta baita dakarren konpromiso inplizituari ere, sari ekonomiko osoa jasotzeko Donostian euskarazko antzezlan berri bat taularatzea.
– Ikuskizun honen sorkuntzan 15 lagunetik gora aritu ziren lanean: sari hauekin ohikoa izaten den bezala, eurena denena da merezimendua salbuespenik gabe, eta konpainiaren ardura da sari ekonomikoaren kudeaketa egokia egitea. Kasu gehienetan, geurea hain merkatu zaila izaki, sari hauek sortutako defizita arintzeko laguntza izaten dira neurri batean, kasu honetan bezala.
– Konpainia honek, antzezlanak sortu eta zabaltzeko dirulaguntzak jasotzen dituzten beste guztiek bezala,izandako gastuak zehatz-mehatz fiskalizatzen dituen eguneratze eta ikuskapen kontrol sakonak izaten ditu: kontratuak, nominak, fakturak, BEZ aitorpenak eta gainontzeko zergak, ea. Ikuskizun honi dagokion dokumentazioa ez da salbuespena izan, noski, babestu duten erakundeek ondo dakiten bezala.
– Komunikatu hau sinatu dugunok urteak daramatzagu hainbat foro eta elkartetan lanean, geure ahaleginak zein ideiak plazaratzen, artistekeuren lanak garatzeko bizi dituzten baldintza nekezak ikustarazteko. Ekoizpen egitura baten arduradun baino lehenago sortzaileak gara eta sortze aurretik orri zuriaren aurrean orduak egiten ditugun pertsonak, entsegu gelan lan talde guztiarekin eskuz esku eta, kasu askotan, eszenara ateratzen diren artistak ere bagara.
– Egin zaigun akusazioa erabat bidegabea eta difamaziozkoa dela deritzogu, bereziki sentiberak diren gaiak direlako eta guk konpromiso hau hutsik gabe bete dugulako: langileen lan baldintzak, gugandik hasita, langileak ere bagarelako (neurri handi batean “autoesplotazioan” lan eginez egitura hauek mantentzeko), eta kulturarekin dugun konpromisoa, orokorrean, eta euskararekin duguna, bereziki.
Ana Pimenta / Iñaki Salvador
Vaivén Producciones.