Gorka Salcesek irabazi du II. Donostia Kultura Poesia Saria
Poesialdia hastearekin batera banatu dute II. Donostia Kultura Poesia Saria. Epaimahaiak Gorka Salcesen Ego, demos, cosmos lana saritu du. Hain zuzen, Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Bordak osatu dute epaimahaia. Poesia lehiaketa 35 urtetik beherako euskal poeta gazteak sustatzeko sortu zuten. Aurten, 13 lan aurkeztu dira.
Salcesek 1.000 euro eta Imanol Larrinaga pintorearen akuarela bat jaso ditu. Horrez gain, Balea Zuria argitaletxeak argitaratuko du lana, eta ekainean, Poesia eta Pentsamendua errezitalean parte hartuko du.
Poesialdiari dagokionez, egitarauan azken orduko aldaketa bat egon da. Adam Zagajewski poeta poloniarrak ez du parte hartzerik izango osasun arazoak direla eta. Horrela, Ramon Andres poetarekin batera programatuta zegoen solasaldia bertan behera geratu da. Poesialdiaren egitaraua helbide honetan topatuko duzue.