Parte Zaharreko ostalariak euskaraz aritzeko egitasmoa aurkeztu dute
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Erraza da egitasmoa aurkeztu du. Urteak daramatzate euskararen erabilera sustatu nahian hiriko ostalaritzan eta merkataritzan. Merkataritza eta Ostalaritzan ere euskaraz proiektuaren urrats berri bat da.
Parte Zaharreko jatetxe eta tabernetan jarriko dute abian proiektua, hilabete bukaeran. Euskara ez dakiten zerbitzariei eta langileei zuzendurikoa izango da. Ostalaritzan lanean ari diren langile askok ez dakite euskaraz hitz egiten, eta ez dira euskaltegira joaten. Egoera horri aurre egitea da egitasmo berriaren helburua: “Egunean bi hitz/esamolde ikastea da proiektuaren muina eta, horrela, hiru hilabetetan 200 hitz edo esamolde ikasita, gutxieneko ulermena izateko gaitasuna izango dute”.
Erronkan parte hartu nahi duen establezimenduak izena eman beharko du eta gauza bera egin beharko dute proiektuan parte hartuko duten zerbitzariek. Horretarako www.errazada.eus webgunean sartu beharko dira. Behin izena emanda, parte hartzaileek hitz guztiak biltzen dituen euskarria jasoko dute, eta apirilaren 23an hasiko dira denak batera hitzak ikasten. Hamabostean behin, ikasitakoari buruzko galdera sorta motz bati erantzun beharko diote.
Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak begi onez ikusi du egitasmoa, euskara ez dakiten langile asko ari baitira lanean sektore horretan. Hori dela eta, ostalaritzako profesionalak egitasmo pilotu honetan parte hartzera animatu nahi ditu. Era berean, Parte Zaharreko Ilazki eta Legazpi 6 euskaltegiak unitate didaktiko berria prestatzen aritu dira, Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean.