dFeriako kusle kopurua kale antzerkiari esker igo da
Donostiako 25. dFeria arte eszenikoen jaialdia izan da aurtengoa, eta, urteurrena ospatzeko, eszenatokietan antzezlanak programatzeaz gain, kale antzerkia ere programatu dute aurten. Donostia Kulturak aurkeztu duen balantzearen arabera, eszenatokietako antzezlanak ikustera joan den pertsona kopurua beste urteetakoaren antzekoa izan da, 6.500 pertsona, hain justu. Baina kale antzerkia ikustera joan diren pertsonak aintzat hartuz, 18.000 ikusle baino gehiago izan dira aurtengo dFerian. Euskarazko antzezlanak izan dira jaialdiko hutsune nagusia, Roman eta Julieta (Borobil) izan baita euskara hutsezko antzezlan bakarra. Madame Señorita Question (Paula Valluerca) antzezlana ere euskaraz egin dute, baina baita gaztelaniaz eta ingelesez ere.
Jaialdiko akreditatu kopurua ere iazko edizioarekin alderatuta igo egin da, %4, hain zuzen. Guztira 540 profesional izan dira jaialdian, hala nola, programatzaileak, banatzaileak, ekoizleak eta kazetariak. Antzerki konpainiei dagokienez, Europako, Asiako eta Ameriketako konpainiek hartu dute parte jaialdian. Bestalde, adostutako topaketek “harrera ezin hobea” izan dutela nabarmendu du Donostia Kulturak, “bideratzaileen lanari esker”. Azkenik, antolakuntzak ere datorren urteko edizioa noiz izango den aurreratu du: 2020ko martxoaren 9tik 12ra.