Kijera gaztetxeko asanbladak oharra atera du, udalaren proposamenaren harira
Kaialde eraikinaren inguruko azken albisteak direla eta, oharra plazaratu du Kijera gaztetxeko asanbladak. “Isiltasun luze baten ondoren”, hainbat gauza argitu nahi dituzte. Hain zuzen, sei hilabete bete dira Kanpandegi kaleko eraikina okupatu eta gaztetxea abian jarri zutenetik. Udal gobernuak ez zuen hitz egin nahi izan gaztetxeko kideekin, eta abenduan desalojoa aktibatu zuen. Azkenik, auzotarrekin negoziatzeko prest agertu dira.
“Abenduan jasotako desalojo mehatxuari erantzunez mobilizazioa, 24 ordutako erresistentzia eta gaztetxean hainbat ekimen abiatu genituen. Urtarrilak 4eko mobilizazioan milaka pertsona batu ginen, auzoan egindako ekimenetan bizilagunen babesa jaso dugu, eta bi hilabetez erresistentzia ehundu dugu ehunka pertsonen txanda, zaintza, diru, lan, zein antolaketa ekarpenekin. Zuen guztien ekarpenei eskerrak, udalaren asmoak -oraingoz behintzat- etetea lortu dugu. Erresistentzia, elkar zaintza eta autodefentsaz goaz aurrera”.
Horrekin batera, auzoan bizitzen ari direna azaldu dute: “Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hala proposatuta, auzoko eragileek mahai bat osatu dugu. Mahai hau otsailaren 18an publikoki aditzera eman genuen, Auzoa Berreskuratu eguna ospatuz, denon artean. Mahai honen eztabaidagaia auzoko ekipamendu publikoak izan dira, eta bereziki Kijera gaztetxearen desalojo mehatxuaren aurka egin eta eraikin honek auzo erabilera mantendu dezan antolatu da, bai eta udalarekin negoziatzeko ere. Azpimarratu nahi dugu hamar eragile hauetako kidegoak erakutsitako lanerako disposizio eta diskrezioa, udalaren itxikeriaren aurrean auzoa berreskuratzen ari baikara”.
Desalojo arriskua eten duten arren, udal gobernuaren makinak ez direla gelditu diote. “Azken egunetan, isun ugari jaso ditugu gaztetxekook. Izan ere, uztailean Aldamar kaleko gazte lokalaren desalojo ilegalaren aurka protesta egiteagatik, zein gaztetxearen aldeko propaganda egiteagatik isundu gaituzte hainbat kide. Oroitarazi nahiko genuke Aldamar 32 eraikina jasaten ari den espekulazio prozesua (Jokin Errasti eta Altuna y Uriako diruzaleen eskutik) martxan dela eta gure auzoa presentzia polizialez lepo dagoela. Presentzia horrek, gure arazoak ez konpontzeaz haratago, etengabe jotzen du behartsuenen eta auzokideon adierazpenen aurka”.
Kaialde eraikina okupatu zutenetik “hilabete bereziak” izan direa adierazi dute gaztetxekoek. “19 hitzaldi, 7 zineforum, 7 kontzertu akustiko, hamarnaka bisita gidatu, antolaketarako asanblada piloa, auzolan eta auzoko eguneroko bizitza oparoa egin dira denbora honetan. Egunerokotasunean erabili dira 12 urtez hutsik egondako eraikinean”. Hemendik aurrera, antolatzen jarraituko dutela nabarmendu dute, “auzoa bizitzen eta kapitalaren zapalkuntzari aurre eginez”.