Ubik-eko bitartekariek Markel Olanoren adierazpenak salatu dituzte
90. greba eguna dute gaur Tabakaletako Ubik liburutegiko bitartekariek. Atzo, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak egindako “adierazpen larriak” salatu dituzte bitartekariek. Facebook bidez eskainitako elkarrizketa batean, Tabakalerako aferaren inguruan galdetuta, Olanok hauteskundeekin lotu ditu Gipuzkoako greba mobilizazioak.
Ahaldun nagusiaren arabera, “hauteskundeen atarian greben kontu hau asko indartzen ari da Gipuzkoan”. Horren atzean estrategia bat dagoela adierazi du. “Batzuek behintzat, pentsatzen dute politikariak askoz ere ahulago gaudela hauteskunde aurretik”. Bitartekarien aferari dagokionez, Olanok azpimarratu du langileen “lan baldintzak hobetu behar direla”. Dena dela, baldintzak hobetzeko “planteamendu egingarriak” egin behar dituztela. “Iruditzen zait, hasieratik horietatik kanpo ibili direla”.
Horrez gain, Gipuzkoan azken urteetan “giro aldaketa” bat egon dela esan du Olanok. “Zenbait jarrera soberan daude. Pertsona, ekitaldi eta erakundeen kontrako jarrera bortitzak eta irainak egon dira. Forma horiek guztiak soberan daude”.
Ubik-eko bitartekariak haserre agertu ziren atzo sare sozialetan. “Bitartekariak kriminalizatzen eta greben kontu hori hauteskundeekin lotzen. A ze maila eskasa gure politikariena…”.
.@markelolano-ren facebook live bidezko adierazpen larriak, bitartekariak kriminalizatzen eta 'greben kontu hori' hauteskundeekin lotzen. A ze maila eskasa gure politikariena… Declaraciones muy graves de @markelolano, llamándonos violentos y criminalizándonos. Muy lamentable pic.twitter.com/xJnS2oBTyP
— bitartekariakmartxan (@bitartekariakM) March 20, 2019