Asteartean epaituko dituzte Moussa Sow eta Joseba Alvarez, udaltzainen aurkako erasoa eta desobedientzia leporatuta
Iazko ekainean, Parte Zaharreko kaleetan artisau lanak saltzen ari zela, kalez jantzitako bi udaltzainek Moussa Sow atxilotu zuten. Saltzaile senegaldarraren defentsan agertu ziren auzotarren artean zegoen Joseba Alvarez bizilaguna. Sowri udaltzainen aurkako erasoa egozten diote orain, eta desobedientzia Alvarezi. Epailearen aurretik pasa beharko dira martxoaren 26an.
Atxiloketa abuztuaren 31 kalean egin zuten, iazko San Joan egunean. Parte Zaharrean ezaguna den Moussa senegaldarra eskumuturrekoak eta artisau-lan afrikarrak saltzen ari zen, kalez jantzitako bi polizia hurbildu zitzaizkionean. Normalean isun batekin zigortu ohi den baimenik gabeko salmentaren aurrean, atxiloketa batekin erantzun zuen egun hartan poliziak.
Gertu zebiltzan auzotarrek agenteak inguratu zituzten orduan, udaltzainak zirela jakin gabe. Joseba Alvarez Parte Zaharreko bizilaguna horien artean zegoen, berak azaldu duenaren arabera, “Moussa pertsona horien aldetik tratu txarrak jasaten ari zelako”.
Hurbildu zenean, polizietako batek plaka erakutsi zion, eta Alvarezek adierazi duenez, agenteei euren jokabidea leporatu zien, “udaltzainen betebeharra herritarren eskubideak bermatzea delako, eta ez horiek zapaltzea”. Minutu batzuen buruan udaltzainek deituriko errefortzuak Parte Zaharrera heldu ziren, Moussa atxilotuta eramateko.
Atxiloketaren egunetik bost hilabetera, epaitegirako zitazioa jaso zuten bi lagunek. Moussari udaltzainen aurkako erasoa egozten diote, eta desobedientzia Josebari, agenteen jarduera oztopatu zuela argudiatuta. Martxoaren 26an pasa beharko dira biak epailearen aurretik, auzi desberdinetan banandurik.
Poliziaren jokabidea “guztiz bidegabea” izan dela salatu du Alvarezek, Moussaren eskubideak era larrian urratu direla azpimarratuz. Batetik, adierazi du udaltzainak senegaldarraren aurkako salaketa gezur batean oinarritu dutela, “berak ez zituelako poliziak inolaz ere eraso”. Bestetik, nabarmendu du baimenik gabeko kaleko salmenta zigor administratibo baten bidez zigortu zitekeela, baina halako aktibitate batek ezin duela atxiloketa bat justifikatu. Alegia, atxiloketa ilegala izan zela salatu du Alvarezek.
Gainera, nabarmendu du agenteen salaketak Moussaren bizitzan zuzeneko kalteak eragin dituela, urrian jaso behar zuen naziotasuna bertan behera geratu delako. Horren ondorioz, bere familia Euskal Herrira ekartzeko aukerak zaildu dizkiote, eta Moussa bera estatutik kanporatua izateko arriskuan jarri dutela adierazi du.
Moussa eta Alvarezen aurkako prozesua salatzeko asmoz, LAB sindikatuak elkarretaratzea egingo du auziaren egunean, 9:30ean, Donostiako epaitegien aurrean, “Kalea saltzaile izatea ez da delitua. Kriminalizaziorik ez!” lelopean.