Columbia disko fabrika Donostian
60 urtez diskoak ekoiztu zituen Inurrieta familiak Benta Berriko Columbia fabrikan. Hasieran Columbia Records diskoetxe estatubatuarraren lizentziarekin egiten zuten lan, baina beste hainbat diskoetxerekin ere lan egin zuten.
Donostiar bat, Juan Inurrieta, izan zen diskoen industria Euskal Herrian eta Espainiako estatuan zabaltzen aitzindaria. Ordurako hiriko enpresari ezagun bat bazen ere, 1917ko urtarrilaren 30ean hasi zuen bere izena historian sartuko zuen ibilbidea.
Izan ere, egun hartan sortu zuen Hispano-Americana sozietatea Inurrietak, Eugenio Insausti merkatariarekin batera. Eresbil erakundearen arabera, sozietatearen helburua honakoa zen: “Pianoen, pianolen, harmoniumen, organoen, bobinen, idazmakinen eta euren osagarrien salmenta eta ustiapena”. Ideal pianola bobinak saldu zituen batez ere sozietateak, baina baita euskal musikaren obra klasiko batzuk ere, hala nola, Marcos de Alkortaren Ezpata dantza eta Jose Maria Iparragirreren Gernikako Arbola.
Baina 1923an, Londresko Columbia Gramophone Company Limited sozietatearekin akordio batera iritsi zen Inurrieta. Urte berean, Insausti hil egin zen, eta Inurrietak Hispano-Americana sozietatea desegitea erabaki zuen, arbelezko diskoen ekoizpenean zentratzeko.
Columbia Records diskoetxe estatubatuarraren lizentzia ere lortu zuen Inurrietak, eta Benta Berrin zuen fabrikan diskoak prentsatzen hasi zen. Musika klasikoa –Donostiako Orfeoiaren diskoak, besteak beste– eta euskal musika, batez ere. Columbia Records-ek Amerikako Estatu Batuetatik bidaltzen zizkion diskoak ere prentsatzen zituen Inurrietak Benta Berrin, eta prestigio handia lortu zuen industriaren barruan.
Urteak pasa ahala, fabrika handitzen joan behar izan zuen Inurrietak, Columbia estatubatuarraren eskaerei aurre egin ahal izateko. Izan ere, Donostiako fabrikan prentsatzeaz gain, diskoak grabatzen hasi behar zuela esan zioten estatubatuarrek Inurrietari, eta honek grabazio estudio bat eraiki behar izan zuen.
1940eko hamarkadan, ordea, Columbia Records-ek ekoizpen guztia Madrilera eramateko “gomendioa” egin zion Inurrietari, baina honek ez zuen Donostiatik mugitu nahi izan. Beraz, Columbia Records utzi, eta, Decca, London, Durium eta Barclay-ren moduko diskoetxe txikiagoekin akordioak egiteko saiakerak egiten hasi zen, Donostiatik mugitu behar ez izateko. 1943ko maiatzean gauzatu zen akordio garrantzitsuenetako bat: Decca diskoetxe britainiarrarekin 78 r/min-ko diskoak prentsatzeko sinatutakoa, hain zuzen. Ordurako, Enrique Inurrieta, Juanen semea, Deccan praktikak egiten ari zen, eta berak zuzendu zituen Londrestik operazio gehienak. Horretaz gain, Inurrieta semea hasi zen grabatuko zuten musika aukeratzen. Aukeraketa arrakastatsuak egin zituen, Julio Iglesias, Sara Montiel eta Los Bravos-en lehen diskoak argitaratu zituzten eta.
1950eko hamarkadan, diskoetxe propioa sortu zuen Inurrietak, Alhambra izenekoa, eta 78 r/min-ko diskoak argitaratzen hasi zen horrekin ere. Hamarkada bereko azken urteetan ezbehar bat bizi izan zuen Inurrieta familiak, Juan Inurrieta istripu batean hil egin baitzen. Hil aurretik, bere seme Enriqueri testamentua aldatzeko zuen asmoa helarazi zion, fabrika bere esku uzteko. Ez zion aldatzeko denbora eman, ordea, eta fabrika Inurrieta aitaren Juana Darrosez emazte ohiaren –1940. urtetik bananduta zeuden– eskuetan gelditu zen. Enrique izan zen bere aita Juanekin batera enpresan gehien lan egin zuena, baina Darrosezek, bere alaba Aurorari eman zizkion enpresaren akzio gehienak. Hala ere, Enriquek fabrikan lan egiten jarraitu zuen.
1960ko hamarkadako azken urteetan, Donostiatik lan egiten jarraitzea gero eta zailagoa zen Columbia fabrikarentzat. Beraz, Donostiako enpresa itxi eta ekoizpena behin betiko Madrilera eramateko erabakia hartu behar izan zuen Inurrieta familiak.
The Cookies-en disko donostiarra
Joan den astean hamargarren Mojo Workin jaialdia egin zuten Gazteszenan, eta han jo zuen AEBetako The Cookies taldeak. Beraiek izan zuten lotura aurtengo jaialdiko bitxikeria nagusiarekin. Izan ere, Mojo Workinak sare sozialetan argitaratutako argazki batean, Margaret Ross The Cookies taldeko burua azaltzen zen 1963ko Don’t Say Nothin’ Bad About My Baby – Softly In The Night single-a eskuan zuela. London diskoetxearekin argitaratutako single-a zen hura, The Cookies-en ospetsueneatakoa gainera, eta Donostiako Columbia fabrikan prentsatutakoa.
Batek daki zer pentsatuko zuen Margaret Rossek jaialdiko antolatzaileek disko hori erakutsi eta historia azaldu ziotenean. Baina Mojo Workinari esker, 1963an Donostian prentsatutako diskoa artistaren eskuetan egon zen 56 urteren ondoren, Donostian bertan. Horrelako gauzak Mojo Workinean soilik gertatzen dira.