"Milaka disko ditut, baina denak entzun ditut eta denak berdin maite ditut"
Musikazale amorratua da Jose Luis Olabeaga (Donostia, 1968). Bere binilo bilduma milakotan zenbatzen da, eta horren harira ‘Vinyland’ filmeko aktore nagusia izan zen 2015ean.
Zergatik aukeratu duzu Art Cafe?
Donostian beti egon dira rock-and-roll tabernak. Salbuespenak izan dira agian, baina beti egon dira musika ona gustuko dutenentzako lekuak: duela urte batzuk La Gatera eta Alboka zeuden, eta orain Eiger, Art Cafe, eta Akerbeltz daude, besteak beste. Nire kasuan, Art Cafe aukeratu dut, hemen lan egiten dudalako, batik bat. Bezero gisa etortzen nintzen lehen, Amara Berriko Gong disko dendan lan egiten nuenean, eta han lan egiteari utzi nionean, hemen lan egiteko proposamena egin zidaten, eta gustura etorri nintzen.
Nondik ibiltzen zara Donostian?
Normalean, nire auzoan hartzen dut kafea, El Nido tabernan. Eta Parte Zaharrean, musika ona jartzen duten lekuetara joaten naiz: Eiger, Akerbeltz, Iguana… Horietaz gain, Bukowskira eta Dabadabara ere joaten naiz.
Nolakoa zen Gong-en lan egitea?
Hamabi urte egon nintzen Gong dendan lan egiten, eta lanegun bakoitza disfrutatu nuen. Disko denda batean lan egitearen alderdi politena da mota guztietako jendea ezagutzea; denek musikarekiko gustua komunean dutelarik. Berdin du Raphael, The Rolling Stones, The Beatles edo Los Gringos gustatzen zaizkizun, musika gustatzen zaigunoi musikak batzen gaitu.
Niretzako pena bat izan zen disko dendak desagertzea. Interneta hasi zenean, musikari askok esaten zidaten deskarga digitalekin diskoen industriak sufrituko zuela, ez artistek. Baina gauza batek bestea ekartzen du: artistek, musikatik bizi ahal izateko, babesten dituen industria bat behar dute, bestela oso zaila da. Horregatik, industriaren gainbeheraren kaltetuenak musikariak direla uste dut. Gaur egun, Donostiak inoiz baino musikari hobeak ditu, baina ezin dute musikatik bizi zuzenean asko jotzen ez badute.
Nola ikusten duzu belaunaldien arteko mentalitate aldaketa musikarekiko?
Ez dut gaur egungo gazte bat disko bat erosten irudikatzen, guztia Interneten daukalako. Pena handia ematen dit, disko bat erostea hori baino askoz gehiago zelako. Erostera joateko egunaren zain egotea zen, diskoa behin eta berriro entzutea zen, eta artista horrek zure hirian jotzen bazuen ikustera joatea zen. Kultura bat zen.
Orain biniloa itzultzen ari dela dirudi. Bitxia da, industriak biniloari bizkarra eman ziolako CD-a askoz hobea zela salduz. CD-a pirateatu zitekeela ikusi zutenean, ordea, eskuetatik alde egin zien kontuak. Orain biniloa saltzen dizute berriz ere, onena izango balitz bezala, baina berandu dabiltza, nire ustez.
Nola ikusten duzu Donostiako musika eszena?
Hemen beti oso talde onak egon izan dira, baina, esan bezala, orain inoiz baino zailagoa dute musikatik bizitzea. Jotzeko lekuei dagokienez, Bukowskik, esaterako, kontzertuak egiteari uzten badio, eta hala dirudi, galera handi bat izango da. Bestalde, tabernak bezalako toki txikiek kultur etxeek baino kontzertu hobeak programatzen dituztela uste dut. Gero Eiger daukagu; oso lan ona egiten duen taberna bat, baina udaletik une oro isunak jasotzen dituena.
Zer iruditzen zaizkizu Donostiako musika jaialdiak?
Mojo Workina, esaterako, errealitate bihurtutako amets bat da, eta espero dezagun urte asko irautea. Gainera, pertsona bakar bat da jaialdi guztia kudeatzen duena, urte guztian zehar inplikatzen dena amets bat aurrera eramateko.
Jazzaldia desberdina da, mundu guztia asebetetzeko jazzarekin zerikusirik ez duten artista asko ekartzen dituztelako, baina ondo dago hala ere.
Hiriko azken mod-etakoa zara?
Egia esan, ez dut neure burua mod gisa inoiz ikusi, baina jendeak beti hala ikusi nau. Asko gustatzen zait mugimendu horretako musika eta estetika, baina ez naiz inoiz mugimendura itxi: ez daukat Lanbretta motor bat, ez dut beti trajea janzten… Batez ere musika gustatzen zait. Ez dakit azkenetarikoa naizen, baina egia da gutxiengo bat garela. Hala ere, edozein hiritan daude mod-ak.
Nolakoa izan zen Vinyland (2015) filma egitea?
Guztia Irungo Bloody Mary disko dendaren harira etorri zen. Jabearen semea, Marcos Garcia, Parisen zinema ikasten ari zen, eta dendaren 25. urteurrena zela eta, film bat egitea erabaki zuen. Berak zuzendu zuen, Mikel Insaustik gidoia egin zuen, eta, nik aspalditik Bloody Maryn erosteko ohitura nuenez, filmeko aktore nagusia izan behar nuela esan zidaten. Ez nuen espreski baiezkoa inoiz eman, baina lagun arteko zerbait zenez, ia konturatu gabe grabatzen hasi ginen. Azkenean, espero genuena baino arrakasta gehiago izan zuen, eta asko gozatu genuen.
Filmean zure binilo bilduma misterio baten moduan irudikatzen da, hori hala da benetan?
Filma egin ondoren jakin nuen jendearentzat misterio bat zela nire bilduma: non gordetzen dudan, zenbat disko ditudan… Nik ez dut inoiz ezer ezkutatu, baina jendearen artean bildumaren inguruko jakin-min hori sortu zen.
Milakotan zenbatzen da zure disko bilduma?
Milaka disko ditut, baina denak entzun ditut eta denak berdin maite ditut. 7 edo 8 urte nituenean hasi nintzen diskoak erosten, eta erosten jarraitzen dut. Baina, oraindik ere, harritzen nauten gauzak topatzen ditut, eta hori da politena.
Bestalde, Donostiako musikaren historiaren entziklopedia bat zara.
Musika gustatzen zaidanez, inguruan duen guztiak ere interesa pizten dit. Beraz, momentu batean konturatu nintzen 1960ko hamarkadan Donostian zailagoa zenuela Gibson gitarra bat lortzea Londresen baino. Horregatik, garai hartako hemengo taldeak baloratzen ikasi nuen, eta euren inguruko informazioa, euren diskoak, argazkiak, eta abar lortzen saiatzen naiz.
Gomendatuko zenuke taberna bat, talde bat eta disko bat?
Art Cafe taberna gomendatu nezakeen, baina publizitatea egiteko dela eman dezake [barreak]. Beraz, Eiger gomendatuko dut, Donostiako rock-and-roll taberna delako, eta udalak oso gaizki pasarazten diolako. Taldeari dagokionez, Lie Detectors esango dut. Nire lagunak direlako, egiten dutena ondo egiten dutelako, eta oso onak direlako. Eta diskoa, The Beatles-en Revolver gomendatuko dut, tradizioagatik.
HAMABIETAN BERMUTA: Zurito txigortua eta tortilla pintxoa.
Non. Art Cafe tabernan: Illunbe kalea 9, (Amara Berri).
Prezioa. 3,30 euro.