"Orain arte politika gizonek egin dute"
2013an Bera Berako entrenatzaile izateari utzi zion, eman zezakeen guztia eman zuelako. Geroztik, Reyes Carrere (Donostia, 1966) Gipuzkoako eta Euskadiko eskubaloi federazioetan aritu da lanean, EH Bildu-k Donostiako alkategaia izatea proposatu zion arte. Donostiako lehen emakume alkatea izatera iritsiz gero, auzoen arteko desorekarik gabeko hiri berritu baten alde egingo lukeela adierazi du.
Zerk eraman zaitu politikarako jauzia egitera?
Proposamena egin zidatenean, nire lehenengo erantzuna ezezkoa izan zen. Baina, jendearekin hitz eginez, pixkanaka iritzia aldatu nuen.
Proiekzio publikoak ez dit inoiz beldurrik eman, nolabait ohituta nagoelako, baina horrelako erabaki batekin zure bizitza aldatu egiten da. Horregatik, aurretik gauzak ongi kontsultatu nituen ingurukoekin.
Zure ahizpa Andoaingo alkatea da. Gomendiorik eman dizu?
Animo asko eman dizkit hasieratik, topa ditzakedan zailtasunak zeintzuk diren jakinda ere.
Politikan zailtasunak nagusi dira, zalantzarik gabe.
Bai, baina askok pentsatzen dute politika politikariek bakarrik egin dezaketela. Badirudi hortik badaudela politikari profesional batzuk, ez dakit non, eta beraiek agindu beharko luketela.
Ba, ez. Nik uste dut politika kudeaketa dela, eta arazoei aurre egiten jakitea. Jende arruntak erronka handiei egiten die aurre bere bizitzan, eta argi dago gauza oso garrantzitsuak lortzeko gai garela.
Nola lagun diezazuke zure ibilbide profesionalak politika egiterako orduan?
Nire ibilbide profesionala ez da izan partidetara joatea eta hor lau garrasi botatzea. Horren atzean kudeaketa lan handia dago: planifikazioa, helburu zehatzak finkatzea, pausoak nola eman aztertzea, beharrezko denborak kudeatzea, eta nola ez, erabakiak hartzea. Ondorioztatu nuen nire gaitasunak udalean ere baliagarriak izan daitezkeela.
Gainera, emakumeen kirolaren eta lan baldintza duinen alde borroka asko egitea tokatu zait.
Donostiak oraindik ez du emakume alkaterik izan.
Eta bada garaia. Orain arte politika gizonek egin dute, baita Donostian ere. Gizartean aldaketa nabarmenak ematen ari dira, eta emakume alkate bat izatea oso ona izango litzateke hiriarentzat. Kasu honetan, ni izatea espero dut.
Politikaren zelaian zaude orain. Joko garbia izango dela uste duzu?
Denetarik dago bizitza honetan, eta politikan interes asko daude. Joko zikina hor egongo da ziurrenik, baina nik oraindik ez dut jasan. Hala ere, guztiok irakurtzen ditugu egunkariak, eta hor ikus daiteke nolakoa izan den askotan politikaren joko hori.
Guk behintzat argi daukagu joko garbia egin nahi dugula. Egia esan behar da, gardentasuna oinarri hartuta. Kartak buruz gora jarriko ditugu.
Nola ikusten dituzu aurkariak?
Besteek egiten dutenak ez nau asko arduratu, une honetan gure hiri-proiektua lantzen zentratuta nagoelako. Egiten dutena beraien kontua da, momentuz behintzat.
Kanpaina nola bizi duzu?
Ez da erraza, baina ongi moldatzen ari gara. Irailetik hona, Donostiako eragile eta elkarte ugarirekin bildu naiz. Ehun bilera baino gehiago izan ditut beraiekin, hiria euren esparrutik nola ikusten duten jakiteko.
Prozesu aberasgarria izan da niretzat, auzotarrengandik gertu egon naizelako. Donostiako auzo bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, bere kezka eta eskariekin. Donostia bakarra izango da munduan, baina barruan desberdinak diren Donostia asko ditu.
Zein ondorio atera dituzu?
Argi geratu zait jendeak Donostia asko maite duela, eta hiri hobe bat eraikitzen lagundu nahi duela. Donostia aurrerantz mugitzen duten indar asko daude auzoetan.
Baina hirian zer nolako desorekak dauden ere ikusi ahal izan dut, kezka orokor batzuekin batera. Etxebizitzaren prezioa, adibidez, arazo larria da. Horrek herritarren bizi-proiektuak asko baldintzatzen ditu. Norberak hemen bizi nahi badu, horretarako aukerak izan behar ditu, eta gazteekin gertatzen ari dena, adibidez, izugarria da. Hiritik alde egiten ari dira!
Merkataritza txikiaren egoera ere kezkagarria da. Izan ere, saltoki-gune berriek zuzeneko eragina dute beraiengan. Hor neurriak jarri behar dira, eta saltzaileak hori ari dira eskatzen. Gizartea aldatzen doa, eta erosteko ohiturak ere, baina pertsona hauek babestea ezinbestekoa da.
Bestalde, ekialdeko auzoetan lan handia dago. Historikoki, oso gune ahaztua izan da, eta babesa merezi dute, beraiek ere Donostiaren parte direla sentitu dezaten.
Eta, noski, turistifikazioaren kontua. Turismoaren gorakadak hiri osoan sortzen dituen eraginak nabariak izaten ari dira. Parte Zaharreko fokua auzoz auzo ari da zabaltzen, minbizi baten moduan. Gutxi batzuk Donostia saltzen ari direla dirudi. Turismoarekin jarraitu duten ereduak freno bat behar du. Ezin ditugu herritarren ongizatearen gainetik pasatzen diren politikak garatu.
Kanpainan ametsei buruz hitz egin duzu. Zer nolako Donostia amesten duzu zuk?
Nik donostiarrentzako Donostia batekin egiten dut amets. Herritarrok erabaki beharko genuke zer nolako Donostia nahi dugun, beti kontuan hartuta hona kanpoko jendea ere etorriko dela. Hala izan da beti, eta horrekin ez dago arazorik. Baina norberak bere bizi-proiektua garatzeko aukera ematen duen hiri bat nahi dut. Horrek zer esan nahi du? Ba, bere auzoan bizi ahal izatea, bere auzoan erostea, lan duin bat izatea, hiriaz gozatzea… Orain desorekaren norabidean goaz, eta hiriak norabide berri bat behar du.
Ametsak errealitate bihurtzea da erronka, baina ziur nago, guztion artean, Donostia berritu bat eraikitzeko gai izango garela.