Parte Zaharreko eragileak: "Prest gaude Kaialde eraikina zesioan hartzeko aukeran sakontzeko"
Kanpandegi kaleko eraikinaren kudeaketa auzo elkarteari eskaini dio udalak. Zesioa auzotarren beharrei erantzuteko aukera egokia izan daitekeela uste dute Parte Zaharreko lan mahaia osatzen duten bederatzi eragileek.
Parte Zaharreko Kaialde eraikinaren aferak biraketa nabarmena izan du. Duela egun gutxi, udalak jakinarazi zuen Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteari eraikinaren kudeaketa epe jakin baterako eskaini diola. Gaur, berriz, auzo elkarteak eta Parte Zaharreko lan mahaia osatzen dute beste zortzi eragileek adierazi dute zesioaren aukeran sakontzeko prest daudela, okupaturiko eraikinaren desalojoaren mamua behingoz uxatuz.
Ohar baten bidez, auzoko lan mahaiak hurrengoa adierazi du: “Zesioa aukera egokia izan daitekeela iruditzen zaigu auzoak dituen auzo bizitzarako ekipamenduen behar eta gabeziak konpontzen joateko, eta bertan garatu diren auzotarrontzako jarduera eta auzogintza dinamikak bideratzeko, eta berriak sortzeko, egoera normalizatu batean”.
Udalaren proposamenaren nondik norako nagusiak entzun ostean, orain proposamen zehatz eta artikulatu baten zain daudela zehaztu dute Parte Zaharreko eragileek. Udalak, bere aldetik, etorkizunean eraikinean adineko pertsonentzako apartamentuak egitea aurreikusten duela azpimarratu du, zesioa proiektua gauzatu bitartean luzatuko zela nabarmenduz.
Akordioaren baldintzak zehazteko, Parte Zaharrean Bizik eta udalak negoziazio bilerekin jarraituko dute hemendik aurrera. Hori dela eta, Kaialde eraikineko Kijera gaztetxearen desalojo prozesua bertan behera gera daiteke, alderdi guztien artean adostutako konponbide baten mesedetan.