"Hemendik joatera derrigortu naute"
Duela hiru urte ireki zuen Sora janari denda Egiako Ametzagaña kalean, baina martxoaren 30ean, saltokia itxiko du, beste erremediorik izan ez duelako. Berak bezala, beste askok ere bide bera jarraitu beharko dutela ohartarazi du dendariak.
Betidanik lan egin izan duzu elikadura denda batean?
Ez. Denda hartu aurretik bederatzi urte pasa nituen Askatasunaren hiribideko Siglo XX zapata-dendan. Izan zen beste komertzio bat ehun urtez irekita egon zena. Handik pasa ziren hiru belaunaldi, baina azkenean, alokairu-kontuengatik itxi behar izan zuten.
Antzinako errenta ordaintzen zuten jabeek, baina legea aldatu zuten, eta lege berriaren ondorioz ordaindu beharreko alokairua ordainezina bilakatu zen. Lau langile finko ginen, eta ezinezkoa zen gure soldata ordaindu eta gastuei aurre egitea. Hasieran 3.000 euroko alokairua ordaintzen genuen hilabetero, eta lege aldaketarekin 21.000 euro ingurura igo zen. Denda batean ordaindu beharreko gastuak asko dira: langileen soldatak, hornitzaileak, argia, salgaiak, eta abar. Eta momentu batean, nahiz eta mozkinak altuak izan, ezin izan zieten gastuei aurre egin.
Orain dela sei urte itxi genuen, eta asko botatzen dut faltan. Oso denda zaharra zen, eta zapatak oso bereziak ziren. Genituen, esaterako, garai bateko errege-erreginek eramaten zituzten takoidun zapatak, urrezko belarriekin. Izugarriak ziren. Gainera lan-baldintza oso onak genituen.
Ezinbesteko arrazoiengatik itxi behar izan genuen. Zara eta antzeko denda erraldoiak jartzen hasi ziren, eta horiei aurre egitea ezinezkoa izan zen. Betikoa da. Gaur egun Donostia ez da garai batean zena. Siglo XX zapata denda zegoen lokalean gaur egun Sephora bat dago. Duela gutxi handik pasa nintzen, eta pentsatu nuen: ai ama, zertan bihurtu duzuen hau! Zapata dendak hiru biltegi zituen, eta gaur egun denak elkartu dituzte, denda erraldoi bat egiteko. Amorru eta ezintasun handia sentitu nuen.
Eta momentu horretan ireki zenuen Egiako denda?
Urtebete egon nintzen langabezian, atseden hartzen. Merezi nuelako [barreak]. Eta duela hiru urte, dendaren aurreko jabeak eskualdatzea egin zigun. Gizon batek zeukan famila-negozioa, eta bere amak lagundu egiten zion.
Nire aita hasi zen gauzak begiratzen, eta dendaren berri izan zuen. Ezaugarriak begiratzen hasi ginen, eta hartzea erabaki genuen. Egia esan, nik hasieran ez nuen oso argi ikusten, baina aitak aurrera egin zuen, eta gurasoengatik, nik ere bat egin nuen. Denda txukun jartzeko lan handia egin behar izan genuen. Neure negozio propioa edukitzea oso erakargarria egiten zitzaidan, nagusirik gabe, inoren agindupean egon gabe. Gainera gaizki ateratzen bada, zeure buruarekin ordaintzen duzu frustrazioa, eta ez beste inorekin. Neure negozio propioa edukitzeak poztasun handia ematen zidan.
Eta nola joan dira hiru urte hauek?
Lehen urtea izugarria izan zen. Baina bat-batean, ez dakit zergatik, jaitsiera sekulakoa izan zen. Bigarren urtean beherakada nabaritu nuen, baina oraindik ez zen oso nabarmena. Hirugarrenean, aldiz, egoerak guztiz okerrera egin du. Era berean, ikusten dut kale bereko Dia supermerkatuak eta Todo Todok ere ez dutela lehen zuten bezero kopurua. Eta zer esanik ez, denda txikiagoek: harategiek, arrandegiek… Nik galdetzen dut: non dago jendea? Jendea ikusten da kalean paseatzen, baina ez erosten. Pena da. Nik hemen egon nahi dut, baina joatera derrigortu naute.
Niregana erostera gehienbat pertsona helduak etortzen dira, autorik ez dutenak. Erosoagoa da haientzat etxe ondoko dendan erostea, baina bestela, gainerako askok ohitura dute autoa hartu eta Garberara joateko.
Denda itxiko dudala jakinarazi dudanetik auzotar asko etorri zaizkit esanez: ze pena ematen didan denda ixteak! Baina niri grazia egiten dit, Eroskiko poltsarekin etortzen dira hori esatera. Benetan pena ematen badizu, ez joan Garberara erostera, erosi saltoki txikietan!
Zeintzuk izan dira itxiera eragin duten arrazoiak?
Jende asko auzotik joan egin da, eta datozen berriek beste erosketa ohitura batzuk dituzte. Gainera, ez da bakarrik nire dendarekin gertatu. Ametzagaña kalea begiratzen baduzu, dauden lokal gehienak itxita daude. Garai batean kale honek sekulako bizitza zeukan. Oso gutxi gelditzen dira zabalik: liburu-denda, Felix tatuaje egilea, ile-apaindegiak, eta tabernak. Gainerakoak, supermerkatuak dira edo beste mota bateko zerbitzuak, salerosketa zuzena egiten ez dutenak. Auzoa hiltzen ari da. Aldiz, Karmengo Andre Mariaren kalean, jende gehiago ibiltzen da, eta komertzio gehiago daude, baina hala ere, haien egoera ez da ona. Niri gertatu zaidana askori gertatu zaie, eta gertatuko zaie. Tabernek ere arrakasta itzela dute Egian, baina tabernetara etortzen direnek ez dute auzoko saltokietan kontsumitzen, tabernetan edo jolas-etxeetan bakarrik, eta horrek sekulako eragina dauka.
Hala ere, zoritxarrez, iruditzen zait jendea ez dela kalteaz ohartuko azken saltokia ixten duten arte. Uste dut momentu horretan konturatuko direla horrelako denden garrantziaz. Baina beranduegi izango da.
Gainera, saltoki handien konpetentzia izugarria da, eta nik ezin diot horri aurre egin. Prezioen kasuan, adibidez, nik Golden sagarraren kiloa 2,99 euroan saldu behar dut errentagarria izateko, eta Eroskin 0,99 euroan saltzen dituzte. Nola aterako naiz ni irabazle? Haiei produktuak askoz ere merkeagoak ateratzen zaizkie niri baino, eta horregatik, merke salduta ere, mozkinak ateratzen dituzte. Jendeak gauza merkeak erosteko joera dauka, baina ez da konturatzen horrek saltoki txikiengan daukan eraginaz.
Ordutegiek ere eragina daukate. Auzoko denda eta supermerkatu askok ez dute eguerdian ixten, eta gauetan oso berandura arte egoten dira irekita, baita asteburuetan ere. Ilegala izan beharko litzateke hori, izan ere, gainerakoei berdina egitera obligatzen gaituzte. Aurrera egin nahi badugu; baina familia dugunok, esaterako, ezin dugu hori egin. Gainera, gizagabea da. Nik saiakerak egin ditut, nire aukeren barruan, ordutegi malguagoak jartzen, baina ez dit balio izan.
Eta erakunde publikoek ez dute neurririk hartzen zuen egoera hobetzeko?
Hasieran laguntza txiki bat eman zidaten, negozioa martxan jarri ahal izateko, baina horren ondoren ezer gehiago ez. Laguntza jarraituagoak eta konstanteagoak behar dira, eta negozioa martxa onean dagoen arte jaso beharko genituzke. Hori izango litzateke benetako laguntza bat.
Alokairuak igotzea ulertu dezaket, baina udalak eta erakunde publikoek kontrolatu beharko lukete hori, alokairua saltoki bakoitzaren egoera ekonomikoarekin orekatuta egoteko. Ematen du ez zaiela inporta saltoki txikiak desagertzea.
Eta zer egingo duzu orain?
Lehenik Lanbidera joango naiz, eta ama bakarra izateagatik jaso behar ditudan laguntzak eskatuko ditut. Hilabete pare bat lan egin gabe egoteko asmoa daukat, nire umeekin egoteko. Baina segituan beste zerbait topatzea espero dut, nik ez dudalako lan egin gabe egon nahi. Askok ziurtzat jo dute nire seme-alabekin egoteko itxi dudala denda, baina oso oker dabiltza. Harrigarria da gaur egun hori pentsatzen duenik egotea. Nik etxetik kanpo egon nahi dudala argi daukat, eta niretzat beharrezkoa da etxetik kanpo lan egitea.