Zuhaitz Eguna egingo dute larunbatean
Zuhaitzak landatuko dituzte larunbateko Zuhaitz Egunean, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Club Vasco de Camping Elkarteak (CVCE) antolatuta, Mendizorrotzen (Igeldo), martxoaren 21eko Munduko Basoen Eguna dela eta. Haritzaldek, gainera, Mendizorrotzen 2015ean izandako sutea gogora ekarri du, zuhaitz landaketaren garrantzia azpimarratzeko.
1997tik Donostiako leku askotan 6.000 zuhaitz landatu dituela nabarmendu du Haritzaldek, eta aurten beste 200 zuhaitz berri landatuko dituztela: 20 lizar, 100 ametz, 20 arte, 20 urki, 20 sagarrondo eta 20 gorosti. Bestalde, horrelako landaketen bitartez, honako balore hauek helarazi nahi dituzte naturzaleek: basoak “bioaniztasun bizileku” direla, uholde eta klima aldaketei “aurre egiteko tresnak” direla, “oxigenoa ekoizten duten fabrikak” direla, “airea depuratzen” dutela, “lurra sortzen” laguntzen dutela, “laboreak” zaintzen dituztela, “zarata gutxiagotzen” dutela, “aisialdirako” guneak direla eta “elikadurak eta egurra” ematen dituztela.
Zuhaitz landaketan parte hartzeko, CVCEren Prim kaleko 35. zenbakiko egoitzan izena eman behar da. Bestalde, mikrobus bat antolatu du udalak Mendizorrotzera joateko. Londres hoteletik irtengo da 09:30ean, Antiguako Tenisean geldialdi bat egingo du 09:40ean, beste bat 10:00etan Igeldoko kanpinean, eta beste bat 10:10ean Polipason. Landaketaren ondoren, parte hartzaileentzako hamaiketakoa antolatu dute CVCEk eta Kaebnai erakundeak, eta, 13:30ean, mikrobusa Antiguaruntz abiatuko da lehenengo eta Artzain Onaren katedralera ondoren.