Ekialdean bizi programa aurkeztu du EH Bilduk, Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko bizi-kalitatea hobetzeko
Datorren maiatzaren 26ko udal eta hauteskundeei begira, Ekialdean bizi programa aurkeztu zuten atzo Reyes Carrere EH Bilduren Donostiako alkategaiak eta Juan Karlos Izagirre foru hauteskundeetarako zerrendaburuak. Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo auzoetako bizi-kalitatea hobetzea du xede programak, Donostiako Alkatetzatik sustatuta eta Foru Aldundiaren babesarekin.
2011. urtean Donostiako Udal Gobernuaren ardura hartu zuenean, Martutene eta Txomineneako uholdeekin bukatzeko konpromisoa hartu zuela gogoratu du EH Bilduk, “ordura arte inork ez zuena egin”. Ildo beretik, hirian dauden “desorekak” gainditu behar direla azaldu dute abertzaleek, eta desoreka horiek, batez ere, Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon daudela nabarmendu du Carrerek.
EH Bilduren arabera, 45.000 pertsona bizi dira hiru auzo horietan, Donostiarren laurdena, hain zuzen, eta hango populazioa gainontzeko hirikoa baino gazteagoa da, batez beste. Bestalde, hiriko batez besteko errentaren azpitik dago auzo horietakoa: 24.552 eurokoa da Donostian, 19.000 euro ingurukoa Bidebietan eta Intxaurrondon, eta 16.575 eurokoa Intxaurrondon. Hiri osoko datuekin alderatuta, igogailua behar duten etxe gehiago daude auzo horietan, langabezia altuagoa da –%12koa ekialdeko auzoetan, %8koa Donostian–, eta, EH Bilduren aburuz “kezkagarriena” dena, bizi itxaropena Aieten baino lau urte baxuagoa da Altzan, Bidebeietan eta Intxaurrondon.
Guzti horri aurre egiteko, honako neurriak proposatu ditu EH Bilduk:
Espazio publikoaren auditorioa egitea, kalitate estandarrak gure kaleetara ere ekartzeko helburuarekin: Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko haur parkeen, lorategien, mobiliario urbanoaren, espaloien eta errepideen egoeraren auditoria bat egitea eta lau urteetarako programa bat abian jartzea (udal hauteskundeen atarian obra batzuk egiteko ohitura hori amaitu eta legealdi osorako programa bat abian jartzeko). Era berean, hiru auzoetan, mugimendu feministak puntu kritikoen mapak egin ditu eta Udalak plan urbanistikoak diseinatu behar ditu haiek ahalik eta azkarren ezabatzeko.
Donostiako sustapen ekonomikoaren erdigunea Ekialdera ekartzea eta eredu berriak ezartzea. Hiru ildo proposatzen ditugu: bi motor ekonomiko eta biziberritze bat.
• Lehen motorra: kooperatiba haztegia. Kooperatiben haztegia Eraldaketa Soziala helburu duten esperientzia sozioekonomikoen bilgunea izango da, inteligentzia kolektiborako laborategia. Pertsonen arteko elkarlana ardatz, eta komunitatearen ongizatea helburu, proiektu sozioekonomikoak garatu, egonkortu eta hedatzeko baliabideak eskainiko dira bertan. Lanpostuak sortzeko eta ingurune osoa ekonomikoki suspertzeko tresna izango da kooperatiba haztegia.
• Bigarren motorra: energia berriztagarriak. Mundu osoko hiri guztiek bezala3, Donostiak energia berriztagarrietan eta energia eraginkortasunean oinarritutako estrategia diseinatu eta ezarri beharko du, epe ertain batean bertan kontsumitzen den energia guztia berriztagarria izan dadin. EH Bilduren proposamena da Donostiak apustu honi Ekialdetik heltzea, hemendik hasi eta hiri osora zabalduko den estrategia baten bidez. Estrategia honek bi zutabe izango lituzke:
- Energia berriztagarrien Lanbide Eskola bat irekitzea. Dagoeneko garatzen ari den sektore ekonomiko berri honek teknikari kualifikatuak eskatuko ditu,eguzkiaren energiaren panelak diseinatzeko eta jartzeko, energiaren erabilera efizientea ziurtatzeko eta abarrerako.
- Unibertsitate Publikoa La Herreran kokatzea, itsasoaren energia berriztagarriaren teknologietan aitzindaria izango dena.
• Biziberritzea: merkataritza txikia suspertzea, auzo biziak izateko. Dendarientzako hobariak ezarriko ditugu, gure kaleak eta plazak bizirik mantentzeko. Gipuzkoako Batzar Nagusiek duten zerga eskumena baliatuko dugu horretarako, bertako dendariei hobari fiskalak emateko (OHZ…).
NAZARET Lanbide Eskola Eraikuntza Institutuan kokatzea. Nazaret eta Eraikuntza Institutuaren lursailak Kutxa Fundazioarenak dira. Nazaret Aldakoenean dago (Egia), baina Kutxak Infernura eraman nahi du, bertan etxebizitzak egiteko. Eraikuntza Institutuan ere etxebizitza gehiago egin nahi ditu. Nazaret-ek Lanbide eta Hobetuz-eko ikastaroak ematen ditu eta astero ehunka ikasle pasatzen dira bertatik. Horrelako azpiegitura bat Altzan kokatzea oso interesgarria izan daiteke, bertakoei kalitatezko hezkuntza emateaz gain, Donostia eta Gipuzkoako beste eremu batzuetatik jendea erakarriko lukeelako.
Etxebizitzak berritzea. Intxaurrondo, Altza eta Bidebietako etxebizitza parkea zaharkitzen ari da eta, horregatik, etxebizitzak berritzeko programa bat behar beharrezkoa. Ezinbestekoa da, esaterako, igogailu faltari aurre egitea. Garai batean Parte Zaharra berritzeko abian jarritako Parvisa bezalako tresna baten bidez egin daiteke berrikuntza orokor hau. EH Bilduren iritziz, hau da biderik onena etxebizitza duin bat izateko denok dugun eskubidea bermatzeko, eta ez Auditz-Akular bezalako marko-proiektu urbanistikoak. Zentzu honetan, gaur egun Donostiako Plan Orokorrean Ekialdean etxebizitzak egiteko aurreikuspen gehiegi daude (Txingurri, Altza Gaina, Herrerako gaur egungo futbol zelaia…). Etxebizitza gehiago eraiki baino, bertan bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetzea izan behar da Udalaren helburua.
Bizi kalitatea hobetzeko obrak egiteko premiari erantzun. Altza, Intxaurrondo eta Bidebietan hobeto eta osasuntsuago bizitzeko, auzotarrak aspaldi eskatzen ari diren zenbait ekimen lehenetsi behar dira: Intxaurrondoko tren lubakia estaltzea, Santa Barbarako azpiestazio elektrikoa estaltzea, Oletako eskailerak berritzea, Herreran errepideko zuloak estaltzea eta abar. Honekin batera, gune estaliak biderkatu behar dira hiru auzoetan, kaleko bizitza suspertzeko helburuarekin.
Hizkuntza minorizatuen gune Ekialdean kokatzea. Intxaurrondo, Altza eta Bidebietako nortasunaren ezaugarririk nagusietarikoa da bertan jatorri oso anitzeko jendea bizi dela. Garai batean euskara zen hizkuntza nagusia eremu honetan, baina gero bakoitzak bere hizkuntza, kultura eta ohiturak ekarri ditu, eta horrek auzoak aberastu ditu, baina euskara egoera minorizatuan geratu da. Hori dela eta, euskara eta hizkuntza minorizatu guztien aldeko gunea ezartzeko lekurik egokiena da Donostian.
Kultur bizitza suspertzea. Donostiako Udalak Altzan, Intxaurrondon eta Bidebietan egiten diren jaialdiak indartu behar ditu, inbertsio ekonomikoa biderkatuz. Dagoeneko arrakasta handia duten ekitaldiak indartzeari buruz ari gara: iñauteriak, rock kontzertuak… Eta festibal berri bat martxan jarriko dugu: kale artearen festibal berria, kontuan hartuta bertan duen ezarpen maila eta dauden aukera estrukturalak.4
Mugikortasun loturak hobetzea. Garraio publikoa da biderik onena era eraginkor eta jasangarri batean mugitzeko, eta horregatik, dBus-eko ekialdeko lineetan ez da murrizketarik ezarriko; ez Donostiaren eta Gipuzkoa ekialdeko udalerrien arteko konexioetan, ez hiru auzoen arteko konexioetan ere. Ekialdera joateko (Irun- Errenteria), Eusko Jaurlaritzak Altza-Galtzaraborda Topoko zatiaren eraikuntza lehenetsi behar du. Honekin batera, Herrerako RENFEren apeaderoa berritzeak ezin du gehiago itxaron.